Bertso Astean murgilduta daude Motxian Etxebeltz bertsoguneko kideak egunotan, eta osteguneko bertso musikatuen ondotik, Bertso Pilotaren eta Desapiyuaren txanda izan zen atzokoan. Azpeiti-Azkoitiko Erniarraitz bertsozale elkartekoen aurka neurtu zituzten indarrak, bai bertsotan, baita pilotan ere. Maite Aizpurua eta Markel Eizagirre zarauztarrek osatutako bikoak Oier Etxeberria azpeitiarrak eta Julene Iturbe azkoitiarrak osatutakoaren aurka egin zuen eskuzko pilotan, eta botillero lanetan, bertsotan jardun ziren Julen Zulaika zarauztarra eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra, bakoitza bere bikotea animatzen.
Aurretik ibili ziren pilotan zarauztarrak, baina markagailuan ipintzen zuena zen gutxienekoa atzokoan. Partidaren azken txanpan, frontoiaren ertzetik bertsotan ari ziren botilleroak eta Iñigo Mantzizidor Mantxi epailea ere pilotan jokatzera animatu ziren apur bat, eta pilotari lanetan zebiltzan Etxeberria eta Eizagirre bertsotan ibili ziren frontoitik.
Gozatua hartu zuten umore eta jolas kutsudun ikuskizunarekin herritarrek, eta txalo zaparradapean jaso zituzten oroigarriak bi taldeetako parte hartzaileek.
Gaur izango dute azken hitzordua Zarautzen bertsozaleek: Bertso Eguna. Musika Plazan hamaiketako ederra egin ondoren, tabernaz taberna Txepelketa jokatuko dute. Umore kutsuari eutsita, parte hartzaileen arteko ausazko buruz buruko saioak egiten dira Txepelketan, eta ohiko txapelketetan ez bezala, epaileek ez dituzte teknika, metrika eta errimak baloratzen, zirtorik handiena edota arrazoi pisuzkoena zeinek botatzen duen baizik. Bazkari ederra egin ostean erabakiko dute nor den aurtengo txepelduna.