TAO mapan aldaketak egin dituzten guneak pintatzen hasi dira

Aritz Mutiozabal 2022ko uztailaren 9a

Bisitariak garraiobide publikoan herrira etortzeko kanpaina jarri du martxan Zarauzko Udalak sare sozialetan. 

Zarauzko TAO mapan egin beharreko aldaketa puntualak onartu zituzten ekaineko udalbatzarrean, eta gune horiek zehazteko pintaketekin hasi dira. Maiatzaren hirugarren astean eman zuen Udal Gobernuak horien berri, eta epe bat zabaldu zuen herritarrek beren ekarpenak egin ahal zitzaten. Jakinarazi dutenez, aldaketa proposamena jendaurrean egon zen epean ez zen alegaziorik jaso.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, "aldaketa hauek bizilagunen eskaerak entzun eta aztertzetik sortu dira, baita mugikortasun arloko eta TAO zerbitzuaren enpresa esleipendunaren teknikoek azken hilabeteetan egindako jarraipen lanaren ondorioz ere. Aldaketa hauek ordenantza auzo eta gune bakoitzeko erabilpenetara egokitzea baimenduko dute". Orain, aldaketak izango diren guneetako pintaketa eta seinalizazio lanak egiten hasi dira; datorren astean zehar amaitzea aurreikusten dute.

Garraio publikoaren erabilera

Bestalde, udalak kanpaina bat jarriko du martxan sare sozialetan datozen egunetan, herrira etortzen diren bisitariak garraio publikoan erabil dezaten sustatzeko. Uda sasoian, jendea ugari izaten da herrian, eta zaila egiten da aparkatzeko tokia aurkitzea. Hori horrela,udalak trenaren eta autobusaren erabilera lehenesteko deia egin nahi die bisitariei. Kanpainak abuztuaren erdialdera arte iraungo du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide