Abraham Mateo ariko da Los 40 Summer Live jaialdian

Aritz Mutiozabal 2022ko uztailaren 8a

Uztailaren 29an izango da jaialdia, Dama parean, 21:00etik aurrera. Abraham Mateoz gain, beste zortzi abeslari nahiz musika taldek eskainiko dute kontzertua.

Beste uda batez, Los 40 Summer Live jaialdiak geldialdia egingo du Zarautzen. Uztailaren 29an izango da, eta Espainiako irratiformula ezagunak bere eszenatoki ibiltaria zabalduko du Dama pareko zabalgunean, hainbat artistari plaza emateko.

Irrati kateak dagoeneko iragarri du zein abeslari eta musikarik parte hartuko duten Zarauzko emanaldian. Abraham Mateo da ariko direnen artean entzute gehien duena nazioarte mailan, eta bere abestiak arrakasten zerrendan izan dira entzugai. Berekin batera, Walls, Leo Rizzi, Belén Aguilera, Lérica, Marc Seguí, Polo Nández, Depol eta Noran taldeak ere hartuko dute parte jaialdian.

Zeremonia-maisu lanetan, jaialdia girotzen eta artistak aurkezten Los 40 kateko disko jartzaile David Alvarez ariko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide