Asteburuko sexu erasoa salatzeko agerraldia egin du mugimendu feministak

Mikel Eizagirre 2022ko uztailaren 6a

Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean, agerraldia egin dute Morroxkek, Zarauzko Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. "Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte", adierazi dute irakurketan.

Asteburuko eraso sexista salatzeko eta erasotutako emakumeari babesa adierazteko agerraldia egin dute Emakumeen* Etxearen aurrean. "Eraso sexisten ofentsiba" nabarmendu dute Morroxkek, Zarauzko Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, uda sasoiko jai zein parranden testuinguruan: "Begiradak, irainak, gutxiespenak, jazarpena, bortxaketak edota erailketak".

Indarkeria matxista "egiturazkoa" dela azpimarratu eta eguneroko harremanetan "oso presente dagoela" gogorarazi dute. Segidan, gisa horretako erasoei aurre egiteko hainbat aldarrikapen mahaigaineratu dituzte.

Aldarrikapenak

Ezer baino lehen, "espazio publikoaren irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea" eskatu dute. Bigarrenik, "herriko tabernariek eskaintzen duten aisialdi eredua aztertu eta emakumeontzat espazio seguru eta bizigarria izateko konpromisoa eta neurriak hartzea". Hirugarrenik, "hezkidetza lantzeko baliabide gehiago" galdegin dituzte hezkuntza komunitaterako. Laugarrenik, "nesken ahalduntzean eta autodefentsa feministaren ildoa lantzen jarraitzea", eta azkenik, "gizonekin argiki lan egitea".

Salaketarako konpromisoa

"Gure buruak zaintzen jarraitzen dugu, uda gozatzera gatoz, gurea da libre bizitzeko eskubidea, ez gaitu inork geldituko, elkartasuna oinarri izanik jaietan izaten diren eraso sexistak ozen salatzen ditugu", gehitu dute hitzartzearen amaieran. Azkenik, euren esker ona adierazi diete agerraldira bertaratu diren herritarrei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide