Aitor Elizondo: "Gorantz goaz pixkanaka"

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 4a, 18:38

Argazkia: @vistalegrenbizi (Twitter)

Zarauzko Arraun Elkarteko gizonezkoek bi estropada jokatu dituzte asteburuan. Larunbatean Castron (Espainia, Kantabria) izan ziren, eta igandean Elantxoben (Bizkaia). “Puntua hartzen” ari direla ziurtatu du Aitor Elizondo arraunlariak azken bi jardunaldietako emaitzei begira. Emakumezkoek “estropada hobea egitea” espero dute hurrengorako. “Castron txanda irabazi arren, ez genuen arraunkera finkatu”, azaldu du Oihane Leundak.

KAE1 ligako denboraldia hasi aurreko asteetan “oso ongi entrenatzen” aritu zirela azpimarratu du Elizondok, estropada guztietan asmatu ez arren. Pasaiako jardunaldian gauzak aldatzen hasi zirela sumatu zuen ordea: “Oso estropada ona egin genuen, emaitzak hori islatzen ez badu ere”. Zumaian ez ziren gustura geratu, beraz, asteburu honetako estropadetara “gose handiarekin” heldu dira Zarauzko traineruko gizonezkoak.

“Larunbatean pozik geratu ginen, gure aurkari zuzenei tartetxoa aterata". Beste aldera begiratuta, berriz, “San Pedrok sekulako estropada egin zuela” aitortu du Elizondok. “Bosgarren, laugarren, bigarren... inork ez zuen bandera eramango genuela esaten, baina denok genuen buruan”.

Castroko jardunaldian eskuratutako garaipenak gogotsu utzi ditu Zarauzko mutilak, “estropadan zehar apur bat atzean ibili ostean, azken zatian aurreratu ginen”. Horretarako, Gaizka Garmendia patroi beteranoak traineruaren animoak igo izana “ezinbestekoa” izan zela ziurtatu du Elizondok.

“Atzerapausorik ez ematea” espero dute aurrerantzean. Tentuz ibili beharko dira, izan ere, Elantxobeko lehen postua “edonork” eraman zezakeelakoan dago Elizondo. Taldeak herrian jasotako ongietorriaren oroitzapen ona ere geratu zaio.

Neskek gehiago nahi dute

Zarauzko emakumezkoak ere Castron aritu ziren asteburuan. Bigarren kaletik irten ziren, Portugalete, Hernani eta Castrorekin batera. Txanda irabazi bazuten ere, Leundak balorazio negatiboa egin du, irteerari zein arraunkerari dagokionez. “Hurrengo estropada hobea izatea espero dugu”.

Seigarren postuan kokatu ziren igandeko estropadan, 12:22,87ko denborarekin. Sailkapen orokorrean ere maila berean daude oraingoz, 18 punturekin.

Hona hemen ikusgai Oihane Leundaren balorazioa:

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide