Eduardo Alsasuak irabazi du aire zabaleko pintura lehiaketa

Maria Maya Manterola 2022ko uztailaren 3a

Guztira, hogei margolarik parte hartu dute 57. Aire Zabaleko Pintura Azkarra lehiaketan. Zarauztar onenaren saria Joseba Iruretagoienari eman dio epaimahaiak.

Goizean goiz izena eman, mihiseak eta pinturak hartu, eta Alde Zaharreko kaleetan barreiatu dira aire zabaleko pintura lehiaketako parte hartzaileak. Izan ere, Alde Zaharra izan da edizio honetan margoetara eraman beharreko gaia.

Lanak 13:30erako jaso dituzte Lege Zaharren Enparantzan, eta epaimahaiak ebatzi ondoren hasi dute sari banaketa Merkatu plazako erakusketa aretoan. Eduardo Alsasuarena izan dela margolanik onena, eta 1.000 euroko saria eman diote. Daniel Menendezek eskuratu du bigarren saria, eta Fernando Uretak hirugarrena. Zarauztar onena, berriz, Joseba Iruretagoiena izan dela ebatzi du epaimahaiak.

Epaimahaian parte hartu dute Iñigo Manterola eta Mirian Aranburu artistek, eta sariak banatzen ere haiek berak aritu dira, Irune Urbieta Kultura zinegotziarekin batera. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide