Jone Azkoagak eta Karmele Martinez de Cabredok irabazi dute emakumezkoen Zumaiako pala txapelketa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 2a

Zumaiako Emakumeon* Etxeak antolatutako pala txapelketaren azken partidak jokatu ziren ostegunean Odieta frontoian. Herritar ugari bertaratu zen finalaurrekoetako eta finaletako kirolariak animatzera, eta giro ederrean jokatu ziren norgehiagokak. Irabazleen artean izan ziren Jone Azkoaga eta Karmele Martinez de Cabredo zarauztarrak. 

IV. Emakumezkoen pala txapelketako finalerdiak eta finala jokatu ziren jardunaldi berean ostegunean, Zumaian. Hasierako mailan partida bakarra jokatu zuten, eta Hegoa Telletxea Anduezak eta Maider Urbieta Loyolak osatutako bikotea izan zen garaile, Janire Muñoz Martin / Mikele Gurrutxaga Urzelairen aurka 22 eta 14 irabazita. 

Maila aurreratuan, berriz, hiru bikote neurtu ziren aurrez aurre, eta Karmele Martinez de Cabredok eta Jone Azkoaga Elejondok lortu zuten beste bi bikoteak mendean hartzea –Leire Esnal Urbieta - Vanesa Arbelaiz Yeregi eta Ana Egaña - Mariana Baud, hain zuzen–. 

Txapelketa amaitu arren, Emakumeon* Etxeak gogorarazi nahi izan du asteartero biltzen dela pala taldea Sagarbiden, eta oraindik ere izena eman daitekeela, Emakumeon* Etxera jota.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide