Eskubaloizaleen topaleku bihurtuko da berriro hondartza

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 30a

Haurren txanda izango da etzi eta etzidamu. (Hitza)

17. Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa jokatuko dute hurrengo bi asteburuetan. Larunbat eta igande honetan 729 haur ariko dira nor baino nor.

Kantxetatik hondartzara atera ohi da eskubaloia Zarautzen uztail hasieran. Lehiatik gutxi eta festatik asko duen Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa antolatu du aurten ere Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi atalak, eta etzi hasiko dira lehen partidak. Ohiko eskubaloiarekin alderatuta, ezberdina da oso hondartzakoa: joko eremuak txikiagoak dira, jokalari gutxiagorekin jokatzen da, eta zenbait arau berezi ditu, hala nola fly bidez –ate eremuaren parean jauzi egin eta oraindik airean dela hartzen eta jaurtitzen du baloia jokalariak– edo airean bira osoa emanda sartutako golek bikoitza balio dute.

Bi asteburutan jokatzen da txapelketa: haurren lehiaketa batean, eta helduena bestean. Etzi eta igandean txikienen txanda izango da, eta benjamin, kimu eta infantil mailako haurrek jokatuko dituzte partidak. Guztira, 89 talde ariko dira Desertu Txikian egokituko dituzten eremuetan jokoan. Horietatik 45 nesken taldeak izango dira, 41 mutilenak, eta hiru mistoak. Orotara, 726 lagunek izango dute hondartza eskubaloiaz gozatzeko aukera asteburuan. Haurren mailetako talde ia guztiak Zarauzkoak dira, eta gutxi batzuk Oriotik bertaratuko dira. 09:30ean hasiko dira lehen partidak etzi –talde bakoitzak baditu bere partidetako ordutegiak–, eta 21:00ak arte jarraituko dute jokatzen sei eremuetan aldi berean. Igandean,09:00etan hasiko dira lehen partidak, eta 18:00ak arte iraungo dute. Gaztetxo andana bilduko da aurten ere Desertu Txikian, beraz. Dena den, antolatzaileek azaldu dute "uste baino talde gutxiagok" eman dutela izena.

Izen emate arrakastatsua

Helduen mailan, berriz, arrakasta itzela izan du izena emateko deialdiak. Hurrengo asteburuan, hilaren 9an eta 10ean, jokatuko dira helduen kategoriako partidak. 168 taldek eman zuten izena hasiera batean, baina joko eremuak eta denbora mugatuak direnez, izena eman duten talde guztiek ezingo dute parte hartu lehian. Herriko taldeei lehentasuna eman die antolakuntzak eta, hala, Zarauzko 128 talde lehiatuko dira helduen mailako Txaparrotanen. Emakumezkoen 32 talde egongo dira, gizonezkoen 68 eta mistoen 28. Horiek ere egun osoan zehar jokatuko dituzte partidak bi egunetan: larunbatean 09:30etik 21:30era eta igandean 09:00etatik 19:30era.

Urtero moduan, eskubaloian ibiltzen direnak, zaleak direnak edota, besterik gabe, giroaz gozatu nahi dutenak elkartuko dira Desertu Txikian. Antolatzaileek txosna ipiniko dute berriro ere, eta hamazazpigarrenez, festarako aitzakia bihurtuko da eskubaloia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide