ETE ligako Zumaiako V. Ikurriña eta KAE 1 ligako Zumaiako XXXVII. Ikurriña izan dira gaur jokoan. Emakumeen ligari dagokionez, hirugarren jardunaldia zen gaurkoa; gizonena, aldiz, bigarrena. Itsaso mugitua aurkitu dute arraunlariek Zumaiako estropada eremuan.
Emakumeen estropadak eman dio hasiera arraun jardunaldiari. Bi txandatan banatu dituzte ETE ligako partaide diren bederatzi ontziak: lau traineru lehenengoan, bost bigarrengoan. Zarautz Gesalaga Okelan lehen txandan aritu da eta denbora onena egin du. Hasieratik hartu du burua, eta ziabogan bederatzi segundoko aldea atera dio Hernaniri. Estropada amaieran hogeira igo du tartea Zarautzek Hernanirekiko. 12:33,89ko denbora egin du Zarautzek gaur, eta bigarren txandan atera diren Deustoren eta Ondarruren denbora hobetuta, laugarren postuan amaitu du jardunaldia. Zumaiako bandera Hondarribiak irabazi du.
Hemen emakumeen estropadako denborak. Seigarren postuan da Zarautz Gesalaga Okelan ETE ligan hiru jardunaldi jokatu ondoren. Hurrengo estropada Castro Urdialesen izango du, larunbatean.
KAE 1 ligako ontzien txanda izan da ondoren. Pasa den asteburuan Pasaian jokatutako lehen jardunaldian bosgarren izan zen Zarautz Gesalaga Okelan, eta gaur emaitza zertxobait hobetu du: laugarren postua eskuratu du Zumaian. Bigarren txandan aritu da Pedreña, Castro eta Deustorekin batera, eta bigarren denbora onena egin du (22:07,37) Pedreñaren atzetik. Denbora gutxigatik, baina kantabriarrak estropada osoan zarauztarren aurretik joan dira. Ohorezko txandan aritu diren San Juanek eta Hondarribiak baino denbora hobea egin du Enbatak, eta hala lortu du eguneko laugarren postua. Estropada Arkotek irabazi du.
Hemen ikus daitezke KAE 1 ligako estropadako denborak. Sailkapen orokorrean hirugarren postura igo da Zarautz. Datorren asteburuan bi estropada izango dituzte Zarauzko arraunlariek: Castro Urdialesen larunbatean, eta Elantxoben igandean.