Bandera igotzeko ardura izango duzu aurten. Nola etorri zaizu aukera hori?
Xabier Txurruka alkateak esan zidan nirekin hitz egin behar zuela. Salbatore Mitxelena Sarien banaketa ekitaldian izan zen, ni epaimahaikidea bainaiz, eta bota zidanean gutxien espero nuena horixe zen. Pixka bat lotsaz-edo hartu nuen aurrena, baina zalantzarik gabe zarauztar bezala sekulako ohorea da herriko bandera igotzea egun inportante horretan.
Urte asko daramatzazu arratsaldeko Haurren Agerraldiko ahotsa izaten.
Ez dut lortu zenbaki zehatza zein den jakitea. Agian, 34 urte dira, baina ziur ez dakit... Diferentea hori izango da: orain arte ahotsa izan naiz, eta orain batzuk enteratuko dira aurpegia ere badaukadala. Alegia, nor naizen ni.
Nola bizitzeko asmoa duzu?
Arratsaldean nire papera beteko dut, eta gauez urduri jarriko naiz zalantzarik gabe, ezohikoa delako niretzat, baina emozio handiz biziko dut. Haurren danborradak ere emozio erantsia dauka aurten; bi urtez agerraldia ospatu gabe egon ostean, beste abiatze batekin ekin dio berriz. Kezkatuta egon gara, Haur Kultur Taldeko kideek zailtasunak izan dituztelako boluntarioak bilatu eta aurrera begira batzordea berritzeko. Egia esan, beldurtu egin ginen, baina era berean pozik gaude errelebo berria sartu delako. Badirudi kateak jarraituko duela eten gabe.
Zuk ere aurrera jarraitzen duzu zeregin horretan. Ez dago inor ordezkatuko zaituenik?
Antolatzaileek urtero deitzen didate eta nik oso gustura egiten dut Niretzako sanpelaioak hor hasten dira. Are gehiago, kuadrillarekin San Pelaio bezperako afalaurreko poteoa ez dut sekula egin. Beti berandu iristen nintzenez, zuzenean afaltzera joaten nintzen. Hau niretzako oso garrantzitsua da, eta espero dut hala izaten jarraitzea.
Eta nolatan hasi zinen haur danborradako esatari gisa?
Andoni Egañak behin bertsotan Zarauzko enbajadoria deitu zion Joxe Antonio Azpeitiari enbajada guztiak sartzen zituelako. Kontua da etorri zitzaizkidala Joxe Antonio Azpeitia, Iñaki Zulaika eta Miguel Anjel Agote, eta zera esan zidatela: «Arantza, hau zuk egingo duzu, ezta?». Bada, horrela izan zen.
70eko hamarkadan, ni haur nintzen garaian, herriko talde bat buru-belarri aritu zen batez ere umeentzat hainbat jarduera antolatzen: irteerak, frontoiko jolasak, inauteriak... eta ekimen horren barruan, danborrada ere sortu zuten. Nik hori guztia jaso egin nuen, gerora ere nik parte hartu dut, eta errespetuz baino gehiago benerazioz, badaude zenbait pertsona nik ezin diedana ezezkorik eman. Eta Joxe Antonio Azpeitia zen horietako bat. «Arantza, hau zuk egingo duzu, ezta?». Eta gaur arte.
Lehen aldi hartatik gaur egunera zerbait aldatu al da aurkezteko orduan?
Urtero esaten dudana berdintsua da. Beti esaten dut auzo bakoitzetik zer kolore eta zer ofizio etortzen diren, urtez urte aldatzen direlako; hasiera-hasieratik sistematizatu zuten aldaketa hori nola izango zen. Beraz, hori egokitu eta eguneratzen dut. Gero, mania bat ere badaukat, zuzendarien izenak esaterakoan bi abizenak eskatzen ditut beti, iruditzen zaidalako ama ere badutela. Gainerakoan, oso sistematizatuta dagoenez, ez da aldaketa handirik izaten. Hori bai, antolatzaileek eskatzen didate arropak noiz entregatu behar diren esateko, eta astun jartzen naiz hori esaterakoan, baina beti dago dozena erdi bat eramaten ez duena.
Danborradak zirrara sorrarazten al dizu?
Ikaragarria. Agerraldia plazara sartzen den momentuak ez du parekorik. Ikusgarria eta hunkigarria da, benetan! Kristorena!
Haurrena helduena baino gehiago?
Dudarik gabe, haurrena. Helduena ez dut hain hurbiletik bizi izan, ez naiz inoiz irten danbor-jotzaile. Haurren danborradan bai, estreinakoz egin zenean, baita 25. urteurrenean ere, aurrena danborra jotzen eta jarraian aurkezpena egiten. Inbidia ematen dit helduen danborrak, baina ikasturte amaieran harrapatzen nau, apur bat nekatuta. Niretzat askoz ere hunkigarriagoa da haurren danborrada bera. Baina aitortu behar da festen hasiera ederragoa dela helduen danbor hotsekin.
Bandera igotzerakoan hitza hartzeko aukera izango duzu?
Ez dakit. Nik dakit zeintzuk edukiko ditudan gogoan une horretan.
Bandera igota, ereserkia...
Ea lortzen dudan abestea negarrik egin gabe. Gora Zarautz eta gora San Pelaio! Aurten bereziki, eguraldia lagun ala ez, nik uste dut egundoko gogoa eta beharra dagoela herrian normaltasunera iritsi garela sinisteko. Gainera, berez, sanpelaioak dira gure jaiak.