Onintza Olaizolak gidatzen duen ZAEko emakumeek itxura ona emanez eta arraunketa serioa eginez eman diote hasiera ETE ligari. Pasaian izan dute estropada, Hernaniko I. Bandera jokoan, eta iaz goiko mailatik jaitsitako Hondarribia izan da garaile. Zarauzko traineruak seigarren postuan bukatu du, sailkapen orokorraren erdialde horretan kokatuz.
Hirugarren eta azken txandan egin du arraunean Enbatak, Deusturekin eta Portugaleterekin batera. Deustu zen faboritoa, eta ez du hutsik egi. Izan ere, denboraldian zehar goiko postuetan ariko den taldeetako bat da. Zarautzek ez dio luze eutsi Bilbo ontziaren erritmoari, eta azkenean 26 segundora bukatu du. Hirugarrena izan da Portugalete, denbora asko galduta.
Sailkapen orokorrean, ostera, bosgarren izan den Hernanirengandik hiru segundora geratu da, eta atzetik utzi ditu iazko aurkari zuzen zituen Zumaia eta Castro. Beraz, denboraldi honetarako espero duten egonkortasuna lehen egunetik erakusten hasi dira.
POSTUA | ELKARTEA | DENBORA | |
---|---|---|---|
1º | HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK | 11:21.62 | |
2º | DEUSTO BILBAO | 11:30.97 | |
3º | HIBAIKA JAMONES ANCIN | 11:31.62 | |
4º | ONDARROA CIKAUTXO | 11:41.61 | |
5º | HERNANI MITXELENA | 11:53.06 | |
6º | ZARAUTZ GESALAGA OKELAN | 11:56.97 | |
7º | DELTECO ZUMAIA | 12:02.33 | |
8º | CASTRO CANTERAS DE SANTULLAN | 12:11.37 | |
9º | PORTUGALETE | 13:13.00 |