ZAEk ilusioz aurkeztu ditu aurtengo traineruak herritarren aurrean

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 18a, 14:10

Herritarren eta zaletuen aurrean aurkeztu dituzte gaur eguerdian, Musika Plazan eginiko ekitaldian, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak aurtengo traineru denboraldian lehian izango dituen bi ontziak.

Iaz Eusko Label Ligako maila galduta, aurten KAE 1en ariko da nor baino gizonekoen taldea, Asier Puertas entrenatzaileak gidatuta. Baja nagusi bat izan dute iazti hona: Aitzol Garro patroiarena, baina hutsune hori betetzeko Patxi Arburua etorri da Hondarribiatik eta Gaizka Garmendiaren beteraniarekin kontatzen dute. Goiko postuetan aritzea du amets gizonezkoen Enbatak, eta aurkari zuzenen artean San Juan, San Pedro eta Pedreña aipatu dituzte.

Emakumezkoak ETE ligan lehiatuko dira iaz bezala. Joan den urtekoa estreinakoa izan zen taldearentzat, eta aurtengoa, jada eskarmentua badutela, ligan egonkortu nahi dute, baita bereien tokia egin ere. Gainera, Onintza Olaizolaren azken urtea izango da entrenatzaile gisa, eta taldearen ardura bere ondorengoarekin partekatuko duela azaldu du. Era berean, iaz Lapurdin lagata arraunean aritu eta aurten etxean ariko den Leire Arrojeriak ere hartu du hitza.

Beñat Intxauspek gidatu du ekitaldia, eta gogora ekarri du bihar eguerdian dutela ligako lehen hitzordua Pasaian Zarauzko bi traineruek. Bide batez, jakitera eman du Zarauzko Estropadak abuztuaren 20an jokatuko direla. Baita aurten ZAEko bazkideei elastiko bat oparitzen ari direla ere, haien fideltasuna eskertzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide