Gaur murgilduko dira jai giroan Zelai Ondon

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 17a

Arratsaldeko txupinazoarekin hasiko dira Zelai Ondoko jaiak. Egitarau bete-betea prestatu dute, eta auzo bazkarirako txartelak salgai daude Trigal, Zelaitxo eta Aritzbatalden. 

San Joan egunaren bueltan antolatu ohi dituzte festak Zarauzko Zelai Ondo auzoan. Aurtengoan, aurreko asteburua, datorren hau, baliatuko dute ospakizunetarako; izan ere, San Joan bezperaren jarraian datorren asteburuan sanpelaioak ospatuko dira herrian. Zelai Ondon, tradizioari jarraituta, txupinazoarekin batera abiatuko dituzte gaur arratsaldean ekitaldiak, eta egitarau bete-betea prestatu dute datozen egunetarako, adin guztietako herritarrentzat.

Egitarauan izango dira, besteak beste, pandemiaren aurretik ere Zelai Ondon emanaldiak eskaini izan dituen Txan Magoa, edota Joxelu Anaiak talde mitikoaren erromeria. Urtero bezala, herriko nahiz auzoko hainbat eragilek parte hartuko dute festetan, hala nola Goizeko Ihintza txistulari taldeak, Bol&Tok kirol klubak edota Haize-Orratz gaztelekuak. Auzoko eta inguruko tabernek ere, ohi bezala, beren ekarpena egin diete festa herrikoiei.

Auzo bazkaria egingo dute Zelai Ondoko pistan igandean, eta bertaratu nahi dutenek dagoeneko txartelak eros ditzakete Trigal, Zelaitxo edota Aritzbatalde tabernetan. Jakinarazi dutenez, helduentzako menua honakoa izango da: entsaladilla errusiarra eta oilaskoa tomate entsaladarekin, edaria eta postrea barne. Haurren menua, berriz, honako hau izango da: hanburgesa, txibierroak, oilasko nuggetsak eta patatak. Helduen txartelak 15 euro balio du, eta haurrenak 10. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegiko pilotalekuan egingo dute bazkaria. 

Erlazionatuak

Ate joka dira Zelai Ondoko festak

Amaia Urbieta Arruti 2022 eka 03 Jaiak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide