Gutuna: Zibismo pixka bat, mesedez!

Zarauzko hitza 2022ko eka. 15a, 09:51

Zarauzko hondartza, artxiboko irudian.

Turistek herria "inbaditzen" dutela sentitzen du zenbaitetan Belen Urrutia zarauztarrak, eta hori dela medio, honako gutun hau igorri du Zarauzkohitza.eus-era

Uda ate joka dugu, eta horrekin batera herria, Zarautz, turistaz betetzen hasi zaigu. Badakit herriko ostatu eta denden nagusiak pozez zoratzen izango direla, kanpotarren etorrera diru iturri polita delako, baina nik, batzuetan, herria inbaditzen dutela sentitzen dut.

Izan ere, alde batetik, ekainaren hasieran, batzuetan, zarata dela eta, leihoak itxi behar izaten ditut begiak biltzeko. “ Zer arraio! Uda ez da iritsi eta dagoeneko horrela gara! Auskalo nola gauden uztailean!”. Bestetik, malekoira edo hondartzara jaitsi eta bazterretan ohi baino zabor gehiago ikusten dut, eta, gainera, jendea bainujantzia bustita duela edo kamisetarik gabe esertzen da terrazetan. Are gehiago, kalean ere kamiseta jantzi gabe dabilen jendea ikus dezakegu izozkia jaten eta erosketak egiten. Ozpinduta dagoen atso zahar bat dirudit, baina zibismo pittin bat, mesedez!

Eta bukatzeko, aparkatzeko arazoak aipatu behar ditut. Bertan bizi garenok, batzuetan, autoa mugitzea bi aldiz pentsatu behar izaten dugu, itzultzean non aparkatu aurkitzen ez dugulako.

Esandakoagatik sentitzen naiz, batzuetan , inbaditurik. Hala ere, aitortu behar dut ni neu ere beste herrialde batzuetara turismo egitera joaten naizela, alegia, ni neu ere turista naizela. Baina joaten naizen herrialdean adeitsua izaten saiatzen naiz, bertakoen atsedena eta ingurumena errespetatzen. Zoazten lekura zoaztela, ez ahaztu bertakoak, izan zaitezte adeitsuak beren bizimoduarekin eta ingurumenarekin! Uda ona pasatu!

Belen Urrutia

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide