Hitzaldia eskaini zuen larunbatean Luis Astiasaran soinu konpontzaile zizurkildarrak Zarautzen, Zarautz Trik taldeak antolatuta. Arrakasta izan zuen trikiti taldearen deialdiak, eta 45 lagun inguru azaldu ziren hitzordura. Aratz Olaizola antolatzaileak azaldu duenez, bertaratuak ez ziren Zarautz Triken bueltan mugitu ohi diren herritarrak soilik, inguruko herrietatik ere bertaratu baitzen jendea.
Jendearen interesa piztu zuten Astiasaranen azalpenek. Soinua barrutik nolakoa den, nola funtzionatzen duen eta ohiko arazoak zeintzuk izan ohi diren azaldu zuen, besteak beste. Bere ibilbidean jazotako anekdota bitxiak ere kontatu zituen, eta gustura jaso zituen haren azalpenak jendeak, espero zena baino gehiago luzatu baitzen hitzaldia, bertaratuek egindako galderak tarteko.
Saioa borobiltzeko, trikiti munduari egin dion ekarpena aitortu eta omenaldi txikia egin zioten Astiasarani. Txapela eskaini zioten Zarautz Trikekoek, eta gustura hartu zuen zizurkildarrak. 12:00etatik aurrera, Zarautz Kantuz kantujirarekin bat egin zuten, eta herria trikiti doinuz alaitzen ibili ziren eguerdi partean.