Gaur jokatu dute Tolosako zezen plazan Gizonezkoen Binakako III. Euskal Pentatloi finala, eta 39 minutu eta 44 segunduko denbora eginda, txapela jaztea lortu dute Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a zarauztarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak.
Marka haustea ere lortu du bikoteak, hain zuzen, Izetak VI.ak berak aurreko urtean osabarekin ezarri zuena (40 minutu eta 24 segundu). Izetaren kasuan, pentatloiko modalitate honetako hirugarren txapela da.
Bigarren sailkatu dira Zaldua eta Otaegi; hirugarren Amade eta Irazabal, eta azken egin dute Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak. Orotara, 40 jasoaldi eman dizkiete harriari, lau plaza egin dituzte giza proban, aizkoran lau kanaerdiko moztu behar izan dituzte, txingekin 8 plaza egin eta, azkenik, korrika lau kilometro.
(Argazkia: Tolosaldeko Ataria)