Gertaera errepikaezina da haurdunaldi zein erditze bakoitza; mugarria, hura bizi dutenentzat. Hasieratik amaierara arteko prozesu obstetrikoa ere berebizikoa izan ohi da gurasogaientzat, zer esanik ez erditu behar den emakumearentzat. Zenbaitetan, ordea, bizitzaren gozoa garratz bihur dakioke hari, eta bizipen positiboa izan behar zukeenak traumarako bidea ireki. Erditzeak adina esperientzia, testuinguru zein beharrizan egon daitezkeela jakinagatik, prozesu obstetrikoan errespetuzko tratua, humanoagoa, aldarrikatzen dutenen oihartzuna geroz eta ozenagoa da; ifrentzuan, badira inor axolagabe uzten ez dituzten bi hitz: indarkeria obstetrikoa.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), indarkeria obstetrikoa emakumeek haurdunaldian, erditzean zein erditze ostean jasaten duten tratu txar fisikoa edo psikikoa da, eta bere baitan barnebiltzen ditu, besteak beste, mediku prozedura hertsatzaileak eta baimendu gabekoak. Indarkeria obstetrikoaz hitz egitean, ezinbestean dira aipagarri profesionalek egiten dituzten esku hartzeak, hala nola tresnen erabilerak eta maniobren praktikak; eta osasun langileek haurdunaren hitza ezereztea edota hura ez informatzea ere ezbaian jartzen da. Hain zuzen, erakunde horrek prozesu obstetrikoan jarraitu beharreko hainbat gomendio kaleratu zituen 1985ean, honako oinarri hauek ardatz izanda: emakumearentzat oinarrizko eskubidea da erdi aurreko arreta egokia jasotzea; arreta horren alderdi guztien rol nagusia emakumearena da; eta faktore sozialak, psikologikoak zein emozionalak erabakigarriak dira harentzat. Gomendio horien arabera, gainera, emakumeek erabakitzeko ahalmena dute, zesareek ezingo dute jaiotzen %15a gainditu eta justifikatu gabeko medikalizazioa desegokiak dira. 2018an, berriz, arrisku gutxiko erditzeetan ahalik eta esku hartze txikiena egiteko beste hainbat ekarpen plazaratu zituen erakundeak. Bide horretan, ordea, txanponaren bi aldeak ageri dira.
Ainhoa Salegi eta Iurdana Aizpitarte azpeitiarrak ginekologoak dira Zumarragako ospitalean. Jakitun dira azken urteetan indarkeria obstetrikoaren gaia gizartean azaleratzen ari dela, eta "ardura handiz" bizi dute, osasun arloko profesionalekiko "mesfidantza" handitzen ari dela sumatzen baitute. Jaiotzea prozedura naturala izanik, bide horretan kalitatezko laguntza profesionala eskaintzea dela helburua azpimarratu dute ginekologoek: "Ez gara inoren etsai, emakumearen eta umearen ongizatea bermatzea da gure helbururik nagusiena".
Ginekologoen esanetan, erditzeak badu beste hainbat arlotan "ikusten ez den" berezitasun bat. "Prozesuan, bat-bateko aldaketak egon daitezke, eta guztia ondo egonagatik, bataren zein bestearen ongizatea bermatzeko erabakiak azkar hartzea eskatzen duten uneak sor daitezke. Funtsezkoa da balizko egoera horiek profesionalekin aurrez aipatuta izatea, momentuko bizipena egokia izan dadin". Hain zuzen ere, bikoteak eta haiek artatuko dituzten profesionalek erditzearen aurretik "konfiantzazko harremana" sortzea gakoa dela uste dute, emakumeak prozesua "segurtasunez eraman eta esperientzia erosoa" izan dezan: "Denon helburua da bikotearen erditze planean laguntzea". Egoera dena delakoa izanda ere, “ahalik eta profesionaltasun eta gizatasun handienarekin” laguntzen saiatzen direla adierazi dute.
Ainhoa Salegi eta Iurdana Aizpitarte: "Emakumearen eta umearen ongizatea bermatzea da gure helbururik nagusiena
Alde batekoentzat zein bestekoentzat mingarria bezain deserosoa izan daiteke indarkeria obstetrikoaren gaia, halakorik baldin badago behintzat; izan ere, Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak ukatu egin zuen iaz termino hori, eta hala egiten dute bi ginekologoek ere. "Indarkeria hitzak esanahi gogorra eta negatiboa du, eta desegoki erabiltzen da. Indarkeria obstetrikoaren barruan sartzen dira praktika bortitzak, baimenik gabeak eta behartuak, baita tratu irain- garriak eta mespretxagarriak ere. Ezin dugu onartu gure egunerokoan erabiltzen ditugun praktikek emakumeari kalte egitea diotela esatea. Ez dira nahastu behar indarkeria obstetrikoa eta bikoteak erditze baten aurrean dituen aurreikuspenak ez betetzea". Ginekologoen hitzetan, obstetriziaren arloan "erabaki azkarrak" hartu behar izaten dituzte zenbait unetan, eta hori ez da indarkeria. "Termino hori eztabaida publikoa kokatzeko erabiltzen da askotan".
"Ebidentzia zientifikoan" oinarrituta, berriz, prozesu horretako hainbat praktika "aldatu edo gutxitu" egin direla ere azpimarratu dute haiek. Hain zuzen ere, azken urteetan egin diren hainbat azterketek erakusten dute zenbait praktikari dagokion norabidea aldatzen ari dela: Espainiako Osasun Ministerioak 2010etik 2018ra arteko erditze aurreko arretari buruzko txostenaren arabera, 2018an, 250.704 erditze artatu zituzten Espainiako Estatuan, eta horietan 68.530 episiotomia egin zituzten. Osasun publikoan, %27,5 jaitsi da erditzeetan emakumearen perineoan ebakia egitea (2010ean, 143.911 episiotomia egin ziren). Txostenak zalantzan jartzen du episiotomia sistematikoki egitea, onurak baino, "epe motzean zein luzean kalteak" eragiten dizkiolako emakumeari, eta azpimarratu du haren erabilera aldatu egiten dela erkidegoen artean. Instrumentu bidezko erditzeak, berriz, behar-beharrezko egoeretara mugatu behar direla adierazten du txostenak, esku hartze horiek lesioak eta ondorioak eragin ditzaketelako. Bide horretan, haurrak ateratzeko forzepsen erabilerak ere beheranzko joera hartu du azken urteetan: 2010ean 18.763 aldiz erabili zuten tresna hori, eta 2018an, 9.714 aldiz. Erditze instrumentalen barruan, bentosen erabilera ere neurtu zuen Espainiako Osasun Ministerioak; haren arabera, haurra ateratzeko tresna horrek, forzepsaren aldean hilkortasun tasa txikiagoa eragin dezake emakumeengan, eta beraz, azken urteetan horiek lehenetsi dituzte: zortzi urtetan, bentosen erabileraren tasa bi puntu igo da zentro publikoetan.
Azterketak ez ditu zehazten, ordea, erkidegotik erkidegorako aldaerak, jakinekoa baita datuak aldatu egiten direla lurraldeka zein ospitaleka: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro publiko zein pribatuetan erditzeen %14,79 izan zen zesarea bidezkoa 2020an, eta Nafarroan, %15,71. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan tasarik baxuenak Hego Euskal Herriak izan zituen urte hartan; altuena, berriz, Extremadurak: %31,89. Zumarragako praktiken inguruko berri ere eman dute bi ginekologoek: iaz, ospitale horretan erditzeen %10 izan ziren zesarea bidezkoak, eta episiotomia tasa "oso baxua" da egun. "Bide horretan joan behar da", azpimarratu dute.
Gaia, anbibalentea
Alazne Apalantza errezildarra, berriz, Emeki osasunari eta zaintzari lotutako zentroko fisioterapeuta obstetrikoa da. Apalantzaren arabera, subjektiboa da indarkeria mota hori non hasten eta amaitzen den zehaztea, eta horregatik "zaila" da eztabaida bera. "Anbibalentea da gaia, pertsonala baita bakoitzak jaso duena. Episiotomia egitea, esaterako, indarkeria al da? Emakume bat ondo informatua egon eta zaindua sentitu bada eta erditzearen egoera zail batean esku hartu behar izan baldin badute, beharbada, lasai egongo da".
Zuriaren eta beltzaren artean dauden gris eskala guztiak bistaratzea proposatu du errezildarrak. "Esku hartzeak existitzen dira, eta esku hartze egoki batek erditzea bide onetik eraman dezake edo esku hartze larriagoak saihets ditzake. Baina beharrezkoak ez diren esku hartze batzuek, esku hartzea kaskarra izatea eragin dezakete". Emakumeek gehien eskertzen dutena "une oro informatuta" egotea dela azpimarratu du fisiotrapeutak, haiek prozesuan aktibo senti daitezen. "Ez informatzea da pazienteari ondorioak eragingo dizkiona, eta ziurrenik egindakoa beharrezkoa ote zen zalantzak sortuko dizkio". Apalantzaren ustez, profesionalen "gizatasunak" baldintzatuko du emakumeak jasotzen duena, baita "egoerarik gogorrenean" ere: "Gogoratzen naiz haurra hilda zuela erditu eta hura agurtu behar zuen emakume batez. ‘Orain horrela bazaude, nola egongo zara benetako erditze batean?’, esan zion profesional batek. Hori esateak puskatu egiten du emakumea".
Alazne Apalantza: Jakin behar dugu pertsona bakoitzak, une bakoitzean, laguntza profesionala behar al duen"
Apalantzaren esanetan, "asko" dira esperientzia gogorrak izan dituztelako laguntza eske joan zaizkionak, besteak beste, erditzean “subjektu aktibo” sentitu ez zirelako edota beren esku zeuden hainbat kontu "profesionalei delegatu" zizkietelako. Dena den, maiz erditzeetan jartzen da arreta berezia, baina haurdunaldiko kontsultetan nahiz erditzeen ondorengoetan ere gerta daiteke halakorik: "Esku-ohean esertze hutsa kalbarioa zaien pazienteak etortzen zaizkit, erditzeko uneak etortzen zaizkielako burura. Ukitze hutsa mingarria da haientzat, baina medikuak alta agiria emana dio, duen orbana 'ondo' dagoelako. Gero, kontsultara etorri behar du hark, errehabilitatzera, egunerokoan minik gabe egoteko edota sexu harremanak berreskuratzeko". Zentzu horretan, osasun publikoan "hutsune handia" dagoela sumatzen du Apalantzak, eta zaintza erdigunean jartzearen beharra azpimarratu du: "Ba al dago denbora emakume horiekin eseri eta zer moduz dauden galdetzeko? Jakin egin behar dugu pertsona bakoitzak, une bakoitzean, laguntza profesionala behar al duen; esaterako, psikologo perinatal bat".
Errezildarrak jakin badaki lana ondo egiten duten profesional ugari daudela, osasun sistemaren arlo horretan aurrerapausoak emateko "inurri lanak" egiten ari direnak. "Dena den, Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak indarkeria obstetrikoaren presentzia ukatzeak ez dio inori mesederik egiten, profesionalak gauzak egitea beren esku dagoela eta hobeto egin ditzaketela esaten ari direnean. Biolentzia ukatzea, berriz, are mingarriagoa izan daiteke hura sufritu duten emakumeentzat".
Maider Leunda pediatra da, eta haren ustez ere, arlo horretako profesionalak gaiarekin "sentsibilizatuago" daude egun. "Zoritxarrez", ordea, indarkeria obstetrikoak osasun sisteman "ohikoa" izaten jarraitzen duela uste du hark: "Urteak daramatzagu gaia lantzen; aurrera goaz, izurriarekin pauso bat atzera egin dugun arren. Dena den, oraindik ohiko langai izaten jarraitzen du indarkeria obstetrikoak; batetik, gaiarekin mentalizatuta gaude, baina bestetik, kasuak ematen dira oraindik".
Zarauzko anbulatorioko pediatra da Leunda, eta aurrez Donostiako ospitalean lan egin zuen. Ondo baino hobeto daki hark askotariko praktikek askotariko orbanak utz ditzakeela amarengan zein umearengan: "Ospitalean lan egin nuenean, erditzeetan umeek izaten zituzten lesio dezente ikusten nituen. Orain, erditzea oso bortitza izan bada soilik suertatzen zait halakoak". Halakoetan, batez ere, umeen buru-azaleko hanturak eta hematomak artatzea egokitu izan zaio Leundari.
Maider Leunda: "Emakumea ez bada errespetatua izan, umeak suminduta egon ohi dira, haren beldurragatik"
Lesio psikologikoak fisikoak baino sarriago ikusten ditu pediatrak, jakitun baita amak erditzean bizi izan duenak eragina duela harengan zein haren seme-alabarengan. "Emakumea ez bada bere prozesuan errespetatua izan, jaioberriak suminduta egon ohi dira, hari sortutako beldurraren ondorioz. Negartiagoak ere izan daitezke, eta horiei gehiago kostatzen zaie kontsolatzea".
Leundak ez du zalantzarik: amak izan dezakeen beldurrak "lotura zuzena" du haurraren egoerarekin, eta amaren eta jaioberriaren artean banaketa egon bada, are nabarmenagoak dira ondorio horiek. Bestalde, bien arteko harremanean ere eragin dezake erditzean bizi izandakoak: "Esaterako, erditzearen erritmoa ez bada errespetatua izan eta umea tresnekin atera baldin badute, haiei kontaktua zaila egiten zaie hasieran, jasan duten minarekin gogoratzen baitira. Kasu horretan, gurasoa eta umea larruazala larruazalaren kontra egotea gomendatzen dugu".
Infantilizazioa amarengan
Maider Etxeberria psikologoaren arabera ere, amak prozesu obstetrikoan bizi izan duenak eragina izango du haren egoera emozionalean. "Askotan, egoerak gaindituta sentitzen dira, eta haurrarekin sortzen duten loturan ere antzeman daiteke hori, beharbada, ama gutxietsita sentitzen delako; haren autoestimuan eragin egiten du".
Maider Etxeberria: "Indarkeria jasandakoak bizitakoa azaltzean, antzekoa bizi izan dutela ohartzen dira asko"
Psikologoaren iritziz, "infantilizazioa" dago halako tratuen atzean, eta horren aurrean emakumeen ahalduntzea garrantzitsua dela azpimarratu du hark. "Gure gorputza, gure etxea da. Geuk erabaki beharko genuke haurra nola erditu, eta laguntza behar badugu, eskatuko dugu". Haren esanetan, ordea, emakume asko ez dira haurra erditzeko duten indarraz "kontziente" izaten, eta prozesu horretan, ez dira "beren buruaren jabe" egiten, "beldurragatik". Izan ezjakintasunagatik edo beste hainbat arrazoigatik, emakumeak, oro har, "isildu" egiten dira prozesu obstetrikoan jaso dutenaren inguruan. "Ez da gaiaz hitz egiten, eta askotan, indarkeria hori jasan dutenak beren esperientzia infantilismorik gabe kontatzen hasten direnean, antzeko egoerak bizi izan dituztela ohartzen dira beste emakume asko".