"Egokitzapen lanak" egin bitartean ibilgailuak Kortazar eremutik mugitzeko eskatu dute

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 8a, 10:29

Kortazar zelaiko aparkalekua. (Zarauzko Udala)

Gaur hasi dira Kortazarreko aparkalekua uda garairako egokitzen, eta lanek bizpahiru egun iraungo dutela aurreikusi dute.

Uda garaian ordainpekoak izan ohi diren aparkaleku handietan martxan da dagoeneko TAO sistema, eta gaurtik aurrera egokitzapen lanak egin behar dituzte aparkaleku horietan. Horren harira, ibilgailua Kortazarreko aparkalekuan daukaten pertsonei beste nonbait aparkatzeko eskatu die udalak. Lanek bizpahiru egun iraungo dutela aurreikusi du.

Eguzki Izarra eta Kortazar eremuetako aparkalekuek "berebiziko garrantzia" dute uda garaian Zarautzera etortzen diren bisitarien aparkamendu beharrak asetzeko, Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren arabera. Gaineratu du Kortazarreko aparkalekua "urtean zehar herriko bizilagunentzat oso erabilgarria" dela ikusi ahal izan dutela, aurten zabalik egon baita. Eguzki Izarrakoa, berriz, itxita egon da urtean zehar, baina uda garairako zabalduko dute.

Gainontzeko aparkalekuetan (Messil, Mitxelena, Itxas Mendi) ere egingo dituzte egokitzapen lanak, uda denboraldia "egoera onean" igarotzeko. “Urtero mota honetako lanak egitea ezinbestekoak da. Etorkizun hurbilean behin betiko aparkaleku egonkorrak izan bitartean, herritarrentzat zein kanpotik datozen pertsonentzat eraginkorra den erantzun bat eman behar dugu”, gehitu du Basurkok.

Aparkalekuetako tarifei dagokienean, kalean aparkatzea baino merkeagoa izango da ibilgailuak aparkaleku handietan uztea, eta prezioak iazko berak izango dira: 240 minutu 5 euro, egun osoa 10 euro, bi egun 20 euro eta hiru egun 30 euro. Aparkatzeko denbora gainditzen duenak 10 euroko isuna ordaindu beharko du, eta beste motatako salaketaren bat duenak, 30 euro.

Zarautzera datozen bisitariei garraio publikoan etor daitezen eskatu die zinegotziak, eta azaldu du Turismo Bulegoa eta Mugikortasun departamentua elkarlanean dabiltzala uda garaian ibilgailuen joan-etorria hobetzeko kanpaina osatzeko, baita garraio publikoaren erabileraren garrantziaz kontzientziatzeko ere.

Dokumentu honetan dago ikusgai TAO guneen mapa.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide