"Zergatik dago buruz behera? Horrela egongo al da beti?" Gisa horretako galderak egiten dizkio Naian album ilustratuaren narratzaileak irakurleari. Desberdintasunak tratatzeko beharra jartzen du jomugan Nerea Loiola idazleak eta Jon Aranguren ilustratzaileak elkarlanean plazaratu berri duten lanak, eta buruz behera dagoen Naian haurra da liburuaren abiapuntua.
Gaur aurkeztu dute Donostiako Udal Liburutegian, Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorearekin batera. Eskola da eszenatoki literarioa, eta eskolan hasi berria den Naian eta haren ikaskideak dira liburuko protagonistak. Razkinen hitzetan, "ongi agertzen da zein desberdina den haurren eta helduen enfokea" desberdintasunei dagokienez.
Galtzagorriren Biko-Teka tailerraren fruitua izan da album ilustratua, eta 2-7 urte arteko irakurleei zuzenduta badago ere, Loiolak azaldu du irudiek bide ematen dutela "irakurketa zabalago" baterako. "3 urteko batek irakurketa bat egingo du, 6 urteko batek beste bat, 12koak beste bat, eta heldu batek beste bat".
Transmititzen den beharra
Loiolaren hitzetan, helduek beharra sentitzen dute "gure normatik at ikusten dugun guztia, izendatu, ulertu eta nonbaiten kokatzeko". Behar hori haurrei transmititu ohi zaie, sarritan, beraiek ez dutenean sentitzen, Zarauzko bizilagunaren hitzetan. "Asmo txarrik gabe" transmititzen den beharra dela uste du Loiolak, eta horren inguruan pentsaraztea bilatzen du albumak.
Buruz behera dagoen haurra da Naian, baina, errealitatean, "edonor" izan daiteke buruz behera dagoena, Loiolaren arabera. "Denok izan gaitezke desberdin, segun eta geure burua norekin konparatzen dugun". Hori horrela, idazleak berretsi du aniztasuna irudikatzen duela Naian pertsonaiak, "zentzurik zabalenean".
Irakurlea zuzenean interpelatzen du narratzaileak, galderak egiten dizkio, "istorioaren parte senti dadin, eta gertatzen denaren inguruan hausnartu dezan, iritzi propioa eraiki ahal izateko".
Testuei erreparatuta, palindromoek garrantzi berezia daukatela jakinarazi du idazle debarrak. Liburuko narratzailea inguruko jendearen esamesen zurrunbiloan sartzen da noizbehinka, eta horietatik ihes egin nahi duenean, palindromoak erabiltzen ditu. Itziar Gartziari eta Jon Ander Aranbururi maileguan hartu dizkiete palindromo horiek, Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburutik.
Irudiak eta testua, eskutik
Aranguren zarauztarraren lehen album ilustratua da Naian, eta eskertuta agertu da aukeragatik. Biko-Teka tailerrak "beste modu batera" lan egiteko aukera eman diela azaldu du Arangurenek. Bere arabera, ilustratzaileek normalean testuak jasotzen dituzte eta ondoren beraien eskuetan geratzen da horiek ilustratzea. "Hemen eskutik joan gara, elkarlana izan da", azaldu du aurkezpenean zarauztarrak. Aurretik ere Aranguren parte den Asteazkenak proiektuak egina zuen Loiolaren Epizentroa helduentzako narrazio laburren bildumarentzako azala, baina aurkezpenean azaldu dutenez, proiektu honetan jakin dute elkarrengandik 20 pausora bizi direla, Zarautzen.
Psikomotrizitate gela batean hasten da errelatoa, "eremu aske bezala identifikatu dezakegun gunean". Bai gela hori ilustratzean, bai liburu guztian zehar, zapatila batzuk dira baliabide grafiko errekurrentea, eta zurrumurruek ere zapatilen lokarri itxura hartzen dute. Bukaeran ere, errelatoaren korapiloa askatzen denean, buruz behera jartzen da errelatoa bera, baita liburua ere fisikoki, eta protagonista zapatilak kendu eta Naianen oinetan sartzen da.
Ilustrazio "ezberdinak" nahi zituzten, ez zuten nahi izaterik "haurrentzako albumetan ikustera ohituta gauden estilokoak". Hala, Aranguren ahalegindu da "aire freskoa" ematen irudiei.