Zarautz da eLiburutegia gehien erabiltzen duen udalerrietako bat

Aritz Mutiozabal 2022ko ekainaren 6a

Iaz 2.930 mailegu eskaera egin zituzten zarauztarrek, eta 10.000 biztanletik gorako herrien artean lehen postuan dago.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak eLiburutegia zerbitzuaren azken urteko datuak eman ditu argitara. Bertan bildu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek liburu eta irakurgai katalogo elektroniko horren inguruan egiten duten erabilpena. Guztira, 135.472 mailegu egin ziren iaz, eta  Zarautz zerrendaren goialdean ageri da.

Guztira, 2.930 mailegu eskaera egin zituzten zarauztarrek 2021ean, eta 10.000 biztanletik gorako herrien artean, Zarautz da mailegu gehien egiten duen udalerria. Hain zuzen ere, mila biztanle bakoitzeko 123,8 mailegu egin ziren iaz eLiburutegia zerbitzuaren bitartez. Bere atzetik daude Tolosa 115,8 mailegurekin eta Arrasate 95,2 mailegurekin.

10.000 biztanletik gorako herrien artean, berriz, Gorlizek gainditzen du, mila biztanle bakoitzeko 126,4 mailegurekin. Zarautz bigarren postuan kokatzen da zerrenda honetan, eta Zumaia bosgarren 104 mailegurekin.

“Zarauztarrek duten irakurzaletasuna begi-bistakoa da, eta eLiburutegiaren zerbitzuak eskainitako datuek sentsazio hori indartu baino ez du egiten”, adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. Zentzu horretan, Zarauzko erabiltzaileak zoriondu nahi izan ditu, eta, bide batez,  gainontzeko herritarrak animatu nahi ditu Zarauzko Liburutegiaren bitartez edota eLiburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuen bitartez, irakurtzen jarraitzera.

Erabilera egonkortuz

eLiburutegiak argitaraturiko txostenaren arabera, pandemia garaian zerbitzuak igoera esponentziala izan zuen, eta, orain, pixkanaka-pixkanaka tresna honen erabilera egonkortuz doa. Zerbitzuak jada 1.440.296 titulu eskaintzen ditu sarean eta, konfinamendua aurreko datuekin alderatuta, erabilera bikoiztu egin zen iaz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide