Zarautz Trik elkarteak antolatuta, Luis Astiasaran soinu konpontzaileak hitzaldia eskainiko datorren larunbatean, hilaren 11n, Imanol Urbieta Musika Eskolan. Badira urte batzuk Astiasaranek soinurik ez duela jotzen, baina horiek konpontzen egin du lan urte askoan, eta 5.000 soinu baino gehiago konpondu ditu.
Ofizio bitxia da Astiasaranena, eta larunbateko hitzaldia baliagarria izango da instrumentua gustuko dutenentzat, barrutik nolakoa den jakiteko, nola afinatzen den ikasteko nahiz bestelako mekanika eta matxurak ezagutzeko. Funtsean, soinua hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du hitzaldiak, eta saioa dinamikoa izango da. 10:30ean hasiko da, eta gutxi gorabehera ordubete iraungo du.
Zizurkildarra den arren, badauka lotura Zarautzekin Astiasaranek. Trikiti munduan ibilbide ezaguna dauka egina, eta Zarautzen hasi zen bide horretan, Musika Plazan, Francisco Escudero konpositore ezagunarekin.