Gazteen proiektuak diruz laguntzeko deialdia atera du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 5a

Ekainaren 30era bitartean egongo da irekita eskaerak egiteko lehen epea. "Gazte zarauztarrek buruan dituzten orotariko proiektuak" gauzatu ahal izatea du xede dirulaguntza deialdiak.

Kaleratu berri du Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak aurtengo dirulaguntzen deialdia."Gazte zarauztarrek buruan dituzten orotariko proiektuak" gauzatu ahal izateko lehen laguntza eskaintzea da laguntzen helburua, eta ekainaren 30era bitartean egongo da irekita eskaerak egiteko lehen epea. Udalak jakinarazi duenez, gehienez ere gastuen %70a finantzatuko du.

Honako hauek dira dirulaguntzak eskuratu ahal izateko bete beharreko baldintzak, besteak beste:

  • Eskatzaileek 16-30 urte bitartean izatea (taldearen hiru laurdenek gutxienez) eta Zarautzen bizitzea azken hiru urteetan.
  • Proiektuak edo jarduerak euskaraz izatea eta 2022an garatuak edo garatzekoak.

Lehen deialdia amaitu ondoren beste bat jarriko du martxan udalak, helburu eta oinarri berberekin, iraila eta urria bitartean.

Eskaerak eta informazio gehiago

Eskaerak elektronikoki zein presentzialki aurkeztu daitezke, Gazteria departamentuak Zinema pilotalekuan dauzkan bulegoetan, edota gazteria@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita. Deialdiaren oinarriak eta informazio gehiago Udalaren webgunean aurki daitezke.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide