Eguerdian egin dute aitortza ekitaldia Lege Zaharren enparantzan, liburu azokarako eta aurkezpenetarako atondutako karpan, eta Literaturiako ordezkari Itziar Iruretagoienak Itxaropenak euskal literaturari eginiko ekarpenaz luze eta zabal hitz egin du. Gainera, "zubilan" gisa definitu du frankismo osteko euskal argitaletxeak sortu bitartean egindako lanari. Jarraian, Itxaropenako arduradun Pello Unzurrunzagari oroigarria eman dio.
Unzurrunzagak pozarren agertu da, eta biziki eskertu du jaialdiaren aitortza. Aurreratu duenez, erakusketa bat antolatzen ari dira Itxaropenaren 90. urtemugaren harira, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan izango dena. Bertan, frankismo eta zentsura garaiko liburuak, dokumentuak eta azalak izango omen dira ikusgai.