Apirilaren amaieran iragarri zuen udalak Santa Klara komentua ezagutzeko bisita gidatuak antolatu zituztela, eta azken hiru asteetan martxan izan dira bisitok. Orain artekoaren balorazioa egin du udalak, eta ohar bidez azaldu du, guztira, 700 pertsona inguruk bisitatu dutela eraikin multzoa, eta osatu diren txanda guztietako plazen %87 bete dela.
Bisita gidatuen erantzuna "ezin hobea" izaten ari dela baieztatu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. "Nabari da zarauztarrok gure herriko altxor honek ezkutatzen zituen sekretuak ezagutzeko jakin min handia genuela", jarraitu du. Aurretik diren hiru asteetako txandak ere orain artekoak bezain arrakastatsua izatea espero du zinegotziak.
Urbietak gaineratu du asko eskertu dutela bisita gidatuetan parte hartu duten pertsonek komentuaren etorkizunaren inguruan iritzia emateko aukera ematen dien esku orria eskaintzea. "Zarauztarrok Santa Klara gure herriaren zati garrantzitsu bezala ikusten dugu eta etorkizunean espazio honek onura handia ekar diezaioke Zarautzi".
Ekainaren 19ra bitartean izango dute herritarrek Santa Klara komentua barrutik ezagutzeko aukera. Interesdunek Turismo Bulegoan edo Sanz Enean eman dezakete izena.