Bi urteren ondoren, Futbol Eskolako festa ospatuko dute berriz ere igandean, hilak 29. Goizeko 9:00etatik 15:45era bitartean, 44 talde elkartuko dira Astin, 450 haur baino gehiago. Zarauzko Kirol Elkarteak nabarmendu du ez dela txapelketa bat izango, eta "kiroltasuna eta laguntasuna" izango direla nagusi. Horregatik, partidak jokatu arren, ez da markagailurik, emaitzarik, irabazlerik edota galtzailerik izango.
Aparkaleku arazoak saihesteko, Astira bizikletan, oinez edo garraio publikoan gerturatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Autoan gerturatzekotan, partekatzen saiatzeko ere eskatu dute.