Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, igande honetan egingo dute Haimar Zubeldia Klasikoa zikloturista proba. Denboralea batetik eta pandemia bestetik, azken hiru urteetan ezin izan da aurrera eraman kirol ekitaldia, eta gogotsu heldu diote itzulerari. Halaxe aurkeztu dute gaur arratsaldean udaletxeko batzar aretoan, probaren babesle diren ordezkariekin batera.
Julen Goikoetxea ariko da igandean esatari lanetan, eta bera arduratu da zikloturista elkartearen izenean klasikoaren xehetasunak emateaz. "Indartsu dator", adierazi du. 700 parte hartzaileetako muga jarri zuten izena ematerakoan, eta denak bete dira; horietatik 666 gizonezkoak dira, eta 34 emakumezkoak. Horiez gain, 60 gonbidatu inguru ere etortzeakoak dira: Haimar Zubeldia beraz gain, Marino Lejarreta euskal txirrindulari mitikoa, 2008ko Frantziako Tourreko garaile Carlos Sastre eta Alberto Losada txirrindulari profesional ohia.
Haimar Zubeldia Klasikoak 152 kilometroko ibilbidea izango du, eta lehia kutsurik gabeko proba da. Aritzbatalde inguruan hasiko da, 08:00etan, eta Tolosaldea eta Goierri bailarak zeharkatu ondoren, hasitako toki berean amaituko da martxa. Eguraldi iragarpen ona emanda dagoela adierazi du esatariak, eta, guztira, zazpi mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Errezil, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Etumeta. Probak bi anoa postu izango ditu: bata, Larraitzen, 68,5. kilometroan, eta bestea, Landetan,110. kilometroan.
Aurreikuspenen arabera, lehenengo txirrindulariak bost ordutan bukatuko dute proba. Era berean, denbora muga ezarri dute ibilbidean zehar: 13:00etan proba itxiko dute Landetan, eta ordurako iristen ez direnak proba utzi beharko dute. Antolatzaileek gogora ekarri dute errepidea zabalik egongo dela uneoro trafikora, eta beraz, partaideek zirkulazioko arauak errespetatu beharko dituztela.
Emakumeen parte hartzea
Emakumeen parte hartzea %5ekoa da, eta horrek sortzen dio nolabaiteko kezka Zarauzko Zikloturista Elkarteari. "Antolatzaileen asmoa bada emakumeen parte hartzea areagotzea eta sustatzea, baina oraingoz, behintzat, ibilbide bakarrak baldintzatu egiten du hori. Bigarren ibilbide batekin emakumeen partaidetza gora egingo luke partaidetza orokorrak bezala", nabarmendu du Goikoetxeak.
2017an saiakera bat egin zuten, bi ibilbide antolatuta, eta hor emakumeen parte hartzea handia izan zela gogora ekarri du Leire Arana Kirol zinegotziak: "Kontua da trafikoa koordinatzeko orduan baliabideak bikoiztu behar direla, eta segituan esan ziguten eredu horrekin ez genuela jarraitu". Azken urteetan saiatu dira "beste formatu bat" lantzen, horretarako "borondatea" badagoelako. "Ez bakarrik emakumeentzako, hastapenetan dabiltzan txirrindularientzat errazagoa izan dadin. Edonola ere, aztertu beharreko zerbait da".
Momentuz, pandemiak eragindako etenaren ondoren, berriz abian jarri dute Haimar Zubeldia Klasikoa, eta datozen urtetan gaiari helduko diotela zehaztu dute.