Hainbat zarauztarrek parte hartu dute Getariako triatloian

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 23a

Sprint modalitateko triatloia jokatu zuten larunbat arratsaldean Getarian, eta hainbat triatleta zarauztar animatu ziren etxe ondoko proba egitera. Animatzen ere herritar ugari izan zen.

353 triatletak egin zuten Getariako VI. Triatloia atzo larunbat arratsaldean, bero zapa ederrarekin eta herritar eta zale askoren animo artean. Sprint modalitateko proba bizi-bizi joan zen, eta tenperaturak lagundu ez arren, iazko denborak hobetu zituzten aurtengo irabazleek. Austin Carter zeelandaberritarra gailendu zen gizonezkoetan ordubetez azpitik burututa proba: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika. 59 minutu eta 34 segundoan egin zuen hori guztia, bigarrenari 31 segundoko aldea aterata. Aipatzekoa da Carter triatleta olinpiko baten semea dela, 2004ko Atenasko Jokoetan urrezko domina irabazi baitzuen horren aitak, Hamish Carterrek. Atzoko sailkapenarekin jarraituz, Pello Osoro izan zen bigarrena –iaz ere bai–, ordubete eta bost segundoko denborarekin. Hirugarrena, berriz, Haritz Garate, 1:00:31 denbora eginda.

Jessica Ewart-McTigue australiarra ere dotore aritu zen emakumezkoetan, eta 1:07:49an amaitu zuen proba, aurtengo garailea bihurtuz. Igeriketako probatik bigarren atera zen australiarra, baina oso bizkor ibili ziren aurreneko hiruzpalau igerian, gizonezkoak uretaratu aurretik urertzean baitziren. Dena den, aise irabazi zuen proba Ewart-McTiguek, bost minutuko aldea aterata bigarrenari. Aitana Abalosek, hain zuzen, 1:13:08 denbora egin zuen. Ia batera helmugaratu zen Olatz Marquet, 01:13:11 denbora eginda.

Aurreneko gizonezko getariarra, berriz, Unai Gastañares izan da aurtengoan. Emakumezko getariar onenaren saria, ordea, hutsik gelditu da, inork ez duelako parte hartu proban. Irudietan ikus daitekeenez, hainbat triatleta zarauztarrek ere parte hartu zuten Getariako proban.

Beti bezala hasi, omenaldiarekin amaitu

Probaren ibilbidea betikoa izan zen: Malkorbe hondartzan igeri egin, boxetan bizikletak hartu eta Garate igo –igoera kronometratua izan zen–. Han gailurra egin ondoren, Meagatik pasatu eta Oikiaraino joan, Oikiatik Zumaiako saihesbidera iritsi, eta handik Getariara itzuli, kostako errepidetik. Gaztetape hondartzako sarreratik boxetara sartu, eta korrikako proban, bi itzuli eman portua, Gaztetape hondartza, udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen bi kilometroko zirkuituari. Azkenik, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusian gora egin, helmugara arte. Ohi bezala, triatletek herritarren eta zaleen animo eta txalo artean egin zituzten azken metro horiek aldapan gora.

Getaitrik boluntario sare handia osatu zuen atzokoan ere proba egin ahal izateko, eta sari banaketaren ondoren parrilada eskaini zien parte hartzaileei. Sari banaketa hasi aurretik, berriz, herritar bat omendu zuten triatloiaren antolatzaileek: Irati Idiakez snowboard egokituko kirolaria. Haritz Alberdi alkateak eta Getaitriko presidente Ibon Arangurenek lore sorta eta triatloi taldeko jantziak eman zizkioten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide