Zarauzko Udalak Turismo Bulegoaren eta departamentuaren logoa eguneratzeko lehiaketa jarri du martxan. Lanak ekainaren 10a baino lehenago aurkeztu beharko dira Turismo Bulegoan, eta epaimahaia ekainaren 13an bilduko da lehiaketaren irabazlea aukeratzeko.
Helburu nagusia da logoa formatu desberdinetara aplikatzeko modukoa izatea, orain artekoa, udalaren arabera, "ez baita aplikagarria formatu digitalerako". Gaineratu dutenez, turismoaren sustapenerako ekintzak eta komunikazio bideak formatu digitalean zabaltzen ari dira dira geroz eta gehiago, eta, horren ondorioz, "logotipoa berritzeko beharra areagotu egin da".
Udalak azaldu duenez, logotipo berriak, alde batetik, Turismo Bulegoa ordezkatzeaz gain, Zarauzko Turismo Departamentua ordezkatu behar du, bere osotasunean. Irudi berriak erraz moldatu eta egokitu behar du formatu digitaletara, eta aplikagarria izan euskarri ezberdinetan -izan digital edo tradizionala-. Azkenik, Zarautzek xede dituen publiko eta jarduera-segmentu guztiak hartu behar dira kontuan irudi berri honetarako.
Hurrengoak izango dira epaimahaiak logo berria aukeratzerakoan kontuan hartuko dituen irizpideak: Zarautz Turismoa kontzeptua garbi eta erraz identifikatzea; logotipoa hainbat euskarritan erabiltzeko modukoa izatea (foiletoak, argitalpenak, irudi digitalak, papertegia,… ); kalitate artistikoa, argitasuna eta originaltasuna; erraz eta azkar identifikatzeko modukoa izatea; trazu eta forma grafiko ondo definituak eta estetikoak edukitzea, eta ezaguterraza eta erreproduzitzen erraza izatea.