Zinema frontoiko argiztapen sistema berritu dute

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 22a, 09:00

Udal Brigadako langileak foku berriak jartzen Zinema frontoian. (Zarauzko Udala)

Udalak Berdin Group enpresari erosi dizkio foku berriak, eta Brigadako langileak arduratu dira instalazioaz.

Gaztelekuko Zinema pilotalekuko fokuak zaharkituta geratu direla ikusirik, eta jada ez zutela behar adina argitasun sortzen, udalak bertako argiztapen sistema berritzeko eta hobetzeko erabakia hartu du. Guztira, hamahiru foku berri jarri ditu, eta horiek Berdin Group enpresari erosi dizkio, 4.508,46 euroan (BEZ barne). Udal Brigadako langileak arduratu dira instalazio lanez.

Azken hilabeteetan hainbat berrikuntza lan egin dira udala gaztelekuan, eta oraingo honetan frontoiko instalakuntzetan egin badituzte ere, aurretik bilera geletan eta multimedia gelan egin dituzte hobekuntzak. Berritze lanekin datozen hilabeteetan jarraituko dutela jakinarazi dute.

“Zarauzko gazte guztien eskura daude gaztelekuak eskaintzen dituen zerbitzuak eta, hauek ahalik eta maila onenekoak izan daitezen, azkenaldian egin ditugun berrikuntzak beharrezkoak dira”, adierazi du Irune Urbieta Gazteria zinegotziak. “Instalatu berri diren foku berriekin, eguneko edozein momentutan argiztapen egokia izango dute Zinema pilotalekura gerturatzen diren pilotariek”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide