Zarautzen bihotzean dago Santa Marina kalea, Alde Zaharrean. Kale bakar bat izanagatik, zarauztar guztien kutun diren festak antolatu ohi dituzte maiatzean, eta ez nolanahikoak gainera: hilaren 14tik 22ra bitarteko egitarau oparoa prestatu dute aurten, bi asteburuak ekitaldiz beteta, Bueltan gea! lelopean.
«Nik beti esaten dut, sanferminak diruditela», dio Iñaki Olazabal Paxo-k. Kaleko bizilagunek antolatu ohi dute guztia, eta batzordean sartuta dago Paxo duela 40 urte baino gehiagotik. Familiarekin batera, Kirkilla Enea jatetxea eramaten du, eta urte mordoa darama jatetxeko lanak herriko beste hamaika elkartetako boluntario lanekin uztartzen. Garai batean, mekaniko lanetan ere aritzen zen, gainera.
Urteen joanarekin festen moldea asko aldatu da, Paxoren hitzetan. «Lehen ere bazeukaten indarra, baina bestelakoa zen giroa. Gaur egun, administratiboagoa bihurtu da egin beharreko lana. Dirulaguntzak eskatu behar dira, boletoak saldu... Zenbat boleto salduko ote genituen! Batzordekoek niri, eta atzera nik batzordekoei...», dio barrezka.
Aurten ere buru-belarri dabil antolakuntzan eta, momentuz, gustura dago ekitaldien erantzunarekin. «Igandekoa txundigarria izan zen. Txikientzako gauzak antolatzeak beti ekartzen ditu gurasoak edo aiton-amonak, baina ari gara ikusten jendea izugarri datorrela, gogo handiarekin. 16:30 aldera bota zuen zaparradaren ondoren, jendea segituan itzuli zen hona. Ia 300 txokolate errazio atera genituen!».
Otsailaz geroztik ari dira batzordekoak festak antolatzeko lanetan, eta Aste Santuetatik aurrera, bileraz beterik izan dute agenda. Horren egitarau zabalak lan asko dauka atzetik eta, batez ere, danborradak eta horretarako prestaketak hartu ohi die denbora. «Karroza egin behar da, danborradako entseguak ere hor daude... Semeak askotan esaten dit: ‘Aita, baina, zer demontre du kale honek? Lau portal dira eta! Ederra ari zarete montatzen.. Zezenak, hau eta bestea…’».
Danbor hotsak berezi
Danborradaren unea izan ohi da bereziena bertakoentzat, «guk egiten dugulako guztia». Hori bukatutakoan, «pisu handia gainetik kenduta» geratzen dira batzordekoak. «Oraindik ere lan asko geratu ohi zaigu egiteko, baina momentu hori liberazio handia da. Karroza gordetzen dugu, eta bakea!».
Gaur gauean izango da aurtengo hitzordu garrantzitsua. 22:00etan hasita, herriko kaleak zeharkatuko dituzte danbor-joleek nahiz karroza dotoreak, eta ekitaldi berezia egingo dute oholtzaren parera heltzean. «Bi urte igaro dira festarik gabe, eta denbora honetan joan zaizkigunak gogoan eduki nahi ditugu», azaldu du Paxok. Igandeko banderaren igoeran Aritzbatalde elkarteko bazkide ziren Oskar Mutiozabal Txabillo eta Iñaki Osa izan zituzten gogoan, eta gaur omenaldia egingo diete Ritxi Ameztoi eta Xelestino Amuskibarri.
Saltsa denetan
Ezagutzen ez dutenei ere ezagun egingo zaie ziurrenik Paxoren aurpegia, herriko hamaika ekitalditan ibili ohi delako laguntzen. Apur bat nekatuta badago ere, «gustura» jarduten da. Haur Kultur Taldean urte askoan ibilitakoa da, eta izugarrizko pena ematen dio boluntario faltagatik desagertzear egoteak. «Esan nion HKTn dabilen familiako bati: ‘Ezin dugu utzi desagertzen, itzuli behar bada, itzuliko gara!’. Ezin da hori kendu, ezin da desagertu. Gazte jendea ez al dago apur bat laguntzeko prest?», kezkaz bizi du egoera.
Hondartzako Futbol Txapelketa antolatzen ere urte luzez jardun da Paxo, eta hain zuzen, aurreko larunbatean jokatutako finaletan omendu zituzten bera eta aurretik jardundako beste antolatzaileak. Ez zen txaloak jasotzera joan plaieroetako finalera, ordea; jardunaldia prestatzen eta egunean bertan laguntzen ibili baitzen. Handik laster batean jatetxera joan zen lanera, ospakizunerako beta handirik hartu gabe.
«Oso sorpresa polita izan zen. Gazte jendea duela gutxi hasi da plaieroak antolatzen, eta gainera oso urte zailak tokatu zaizkie. Nik sentitzen dut maitasun handiz egin zigutela aitortza. Beraiek egindako bertsoa, dantza egin ziguten… niretzat izugarria izan zen. Ziur besteentzat ere hala izango zela, baina nire partetik behintzat, asko eskertzen dut egin zigutena. Oso talde ona eta langilea da, eta jende asko mugitzen dute. Finalen egunean, 07:45erako, 50 lagun azaldu ziren joko eremuak prestatzen laguntzera. Indar hori edukitzea plazera da».