Iritzia: Behatxulotik

Zarauzko Hitza 2022ko mai. 17a, 14:45

Anjel Lertxundi izan zuen hizpide Andoni Egañak Berria egunkariko igandeko Hitz Etzanak atalean.

Aspaldiko kontua da. Jo dezagun guk 11-12 urte geneuzkala eta berak 24-25. Antzerkiren bat edo egingo genuen, eta bera partaide izango zen; edo ipuinen bat kontatuko zigun. Ez dakit. Ez dut gogoan. Baina iltzatuta geratu zitzaigun esaldi hura: «Ni naiz, pirata begi-bakarra!». Esaldiak ez du berez halako indarrik, baina ikasleari ez dio ihes egiten irakaslearen akatsak. Erremerreari erreparatzen genion. Eta ordutik, Anjel Lertxundi, Andu ez ezik, «pirata begi bakagrra» izan zen guretzat,

Ekartzen hasita ekarriko ez nukeena, Anjelek Desertuan behatxuloa saiakera argitaratu duen honetan, etorri egin zait gogora. Irudikatu dut basamortuaren erdian ate sendo bat, behatxulo eta guzti. Eta handik begira pirata bat, «munduaz pentsatzen, bizitzaz pentsatzen, mundua ulertu nahian». Ez daki ikusi uste duen oasia egiazkoa den edo ispilukeria hutsa. Ez daki, egiazkoa bada, baduen altxorrik. Ez daki ontziak harat-honat ibiltzeko adina hondo baduen urmaelak. Ez daki nor abordatu. Ez daki inor abordatzeko grinarik duen ere.

Eta, halere, abantaila handia du pirata horrek behatzaile lanetarako. «Bakagra» izatean, ez du zalantzarik ze begi itsatsi. Mundua ez, baina behatxuloa bere neurri-neurrira egina dela esango nuke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide