Herriko eskulturen seinaletika berritu eta 'Map's voice' teknologiarekin osatu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko maiatzaren 16a

Irune Urbieta Kultura zinegotzia, 'Map's voice' aplikazioa erabiltzen. (Zarauzko Udala)

Aplikazioa deskargatuta duenak, seinalean ageri den QR kodea eskaneatu, eta eskulturaren inguruko informazioa irakurri edo entzun ahal izango du. 

Kaleetako artelanen informazio panelak berritu ditu udalak. Herrian dauden lan horiek "hobeto ezagutzeko eta ulertzeko", 42 artelanen ondoan lehendik zeuden informazio panel seinaleak aldatu dituzte, eta Maps voice sistemarekin osatu dituzte. Hala, izen hori duen aplikazio hori duenak panelean ageri den QR logoa eskaneatuta, artelanaren inguruko informazioa irakurri eta entzuteko aukera izango du, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez. 

Informazio panelen euskarriak %100 plastiko birziklatuz eginak direla baieztatu du udalak, eta Jolas enpresari enkargatu dizkiote. Proiektua osatzen duten elementu guztien kostua 12.738,8 eurokoa izan da.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak dioenez, "eskulturarekiko bokazioa eta irrika duten artisten erreferentzia eta gune" bilakatu da Zarautz, "artea eta kultura sustatzeko egindako hainbat jardueraren ondorioz". Honakoa gaineratu du: "Nazioarteko oihartzuna izan duten lehiaketa eta herrilan sustapenen bitartez eskuratutako lanak herriko txoko eta kaleetan jarrita daude, Zarauzko Udalak artearekiko duen arduraren eta grinaren adierazgarri". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide