Festa bihurtuko dute futbola

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 12a, 08:30

Napar Berri Limossek eta Kebidekek elkarren aurka jokatu zuten partida. (Amaia Urbieta Arruti)

Hondartzako Futbol Txapelketako finalak jokatuko dituzte etzi. Eskolarteko gaztetxoetatik hasi eta senior mailara bitarteko jokalarien partidek hartuko dute Zarauzko hondartza.

Ziurgabetasunez beteta abiatu zen Hondartzako Futbol Txapelketako denboraldi berria iazko azaroan. Bazirudien koronabirusak eragindako egoera normaltasunera itzultzen hasia zegoela ordurako, eta ekitea erabaki zuen antolakuntza taldeak.  Oro har, traba handirik gabe egin du aurrera denboraldiak jardunaldiz jardunaldi, eta larunbatean jokatuko dituzte finalak. Ohiko jardunaldi bat baino askoz gehiago izan ohi da plaieroetako finalekoa. Berezkoa du jai kutsua txapelketak, eta finalaren eguna festa handia izan ohi da; bai parte hartzaileentzat, baita zaleentzat ere. 

Larunbateko egitaraua prestatzen murgilduta daude bete-betean antolakuntza taldekoak egunotan, eta horretan diharduen Anne Orbegozok aitortu du ez zutela espero horrenbesteko lana ekarriko zienik finalaren egunak. Berak eta beste hainbat jokalarik hartu zuten plaieroak antolatzeko arduraren erreleboa 2019an hasi zen denboraldian, eta pandemia tarteko, ordutik hiru urte igaro diren arren, oraindik ez dute finalik antolatu. Lan horretan laguntzaile izan dituzte aurretik antolakuntzan aritutako herritar eskarmentatuak.


Hainbat berrikuntza

Ilusioz beterik heldu zion talde berriak txapelketa antolatzeari. Horren erakusle, bi astean behin biltzen hasi dela, "jardunaldi bakoitza baloratu eta hurrengoa antolatzeko". Bakoitzak "gutxi gorabehera bere rola finkatuta" duela dio Orbegozok. Ildo beretik jarraituz, aurtengo finalak ere izango du nobedaderik. Batetik, larunbatean izango da hitzordua –orain arte igandean jokatu izan dira finalak–. 09:00etako desfilearen ondoren, partidak 09:30ean hasiko dira, eta sari banaketaren ostean –11:30ean hasiko da–, bazkaria izango dute jokalari guztiek Aritzbatalde frontoian. Bazkalostean, txarangak lagunduta egingo dute Alde Zaharrerako bidea. 

Eskolarteko txapelketako eta seniorren txapelketako finalak egun berean jokatu ohi dira, baina, aurtengoan, 12-16 urte bitarteko gaztetxoek ere izango dute final handia jokatzeko aukera. Aste Santuan jokatu zuten adin tarte horri zuzendutako Play-Eruak hondartzako futbol txapelketa, eta orduko partidetatik sailkatutakoek jokatuko dute etzi. Aurten, beraz, adin tarte guztietako jokalariak ariko dira futbolean hondarretan.

Horrez gain, postu berezi bat ipiniko dute plaieroetako antolatzaileek malekoian. Bertan jarriko dituzte plaieroetako aspaldiko hainbat argazki, herritarrek ikusi ditzaten. Norbaitek ikusitako argazkiren bat eskuratu nahiko balu, antolatzaileekin harremanetan jarri eta formatu digitalean jasotzeko aukera izango du. 

Eguraldiaren iragarpenari adi, etzirako oso gogotsu daude Orbegozo eta gainontzeko antolatzaileak. "Berezia" izango dela uste du, eta aurten egindako lanak eta bide horretan ikasitakoak "hurrengo urterako balioko" diela ziur dago.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide