Gutuna: "Honaino iritsi gara, eta hemendik aurrerakoak ez daude gure esku bakarrik"

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 3a, 09:50

Haur Kultur Taldea errelebo beharrean dago, eta jendea taldera erakartzeko bilera deitu zuen aurreko ostegunean. Egindako deialdira, ordea, ez zen inortxo ere agertu, eta hori dela eta, ondorengo idatzia helarazi dute.

Adiskide, agur:

Dakizun bezala, Haur Kultur Taldearen batzordeko kideok gure egoera zailaren berri eman genizuen apiril hasieran herritar guztioi: urte askotan ardura horiei erantzuten aritu ondoren, egungo baldintzatan jarraitzea ezinezkoa zaigula eta aurrera egiteko jendearen laguntza eta erreleboa behar genuela planteatu genuen.

Auzia bideratzeko, bilera informatibo irekia deitu genuen apirilaren 28rako,
taldean laguntzeko prest egongo zinateketen herritarroi zuzenduta, dela ekintza puntualetarako, dela batzordeko kide izateko.

Tamalez, deialdiak ez zuen erantzunik izan: bilerara ez zen inortxo ere azaldu.

Egia esan, egoera deserosoa da gurea: batetik, apiril hasierako agerraldian
aurkeztutako egoerak bere horretan jarraitzen duenez, dena uzteko zorian gaude; bestetik, ez dugu dena utzi nahi irtenbide bat lortzeko azken saiakera egin gabe. Ez dugu beste deialdi irekirik egingo, aurrekoaren porrota ikusita; baina gure kezka partekatzen duzuen guztiok taldearen emaila, haurkulturtaldea@gmail.com, irekita daukazue zuen iritzia eman eta laguntza eskaintzeko.

Ez dago esan beharrik: honaino iritsi gara, eta hemendik aurrerakoak ez daude gure esku bakarrik. Egungo egoera goibela izanagatik, sinetsi nahi dugu, amestu nahi dugu borondatezko lanak, inplikazioak eta herrigintzak badutela etorkizunik.

Mila esker arretagatik, eta nahi duzun arte!

HAUR KULTUR TALDEA

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide