Euskal Liga, azken txanpan Emakumeen Euskal Ligaren azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan, eta bigarren postua lortzeko lehia bizian dira Anaitasuna eta Zarautz. 53 punturekin berdinduta, Azkoitikoak bigarren eta Zarauzkoak hirugarren daude uneotan, dagoeneko liga irabazita eta Espainiako Lehen Maila Nazionalera igoa den Eibarren atzetik.
Anaitasunak helburua gertuago izan dezake. Izan ere, Zarautzi atseden hartzea dagokio azken jardunaldian; eta bihar, taldearen ligako azken hitzorduan, orain arte partidarik galdu ez duen Eibar hartuko du Astin (15:30). Anaitasunak, berriz, Erandion jokatuko du igande honetan, eta Txerloian Elorrio hartuz itxiko du liga hurrengo asteburuan.
Lehen Maila Nazionalean jokatuko dute datorren denboraldian Espainiako hamasei erkidegotako ligetako zortzi bigarren onenek, baina Anaitasuna zein Zarautz ez daude, printzipioz, mailaz igo daitezkeenen artean.