Boluntariotzari ikusgarritasuna emateko lehen azoka egingo dute

Aritz Mutiozabal 2022ko apirilaren 29a

Hainbat elkartetako ordezkariek hartu zuten parte atzoko aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Maiatzaren 7an egingo dute malekoian, 10:30etik 14:ooak bitartean. Gizalde agentziaren laguntzarekin, 26 elkarte boluntariok beraien jardunaren berri emango dute.

Zarauzko Boluntzariotzaren I. Azoka egingo dute maiatzaren 7an, eta hori aurkezteko agerraldia egin zuten atzo goizean udalak malekoian duen ikastaro gelan. Bertan izan ziren Leire Arana Boluntariotza zinegotzia, Miren Gurrutxaga Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza Agentziako koordinatzailea eta azokan parte hartuko duten hainbat elkartetako ordezkariak.

«Azoka hau antolatzeko ideia duela urte batzuk sortu zen. Agintaldi berria hastearekin batera, Udal Gobernutik garbi izan dugu boluntariotzak eta gizarte ekintzak indar handia duela Zarautzen, herrigintza dela zarauztarron ezaugarrietako bat, eta garrantzitsua dela horri balioa ematea», nabarmendu zuen Aranak. Era berean, herriko elkarte askoren «motor nagusia» boluntarioak direla azpimarratu nahi izan zuen, nahiz eta elkarte bakoitzak bere izaera izan; hala nola, kirola, kultura, aisia edo gizarte arlokoa.  

Boluntariotza nola saretu eta ikusgarritasuna nola eman aztertze horretan, azoka egitea pentsatu zuten. Hasiera batean, 2020rako egitekoak ziren, baina pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten. Orain, bi urte geroago, berriro heldu diote egitasmoari Gizalderen laguntzarekin.

«Gizarte arloan lan egiten duten elkarteak gonbidatu ditugu azokan parte hartzera lehen aldi honetan. Azokak izango duen harrera baloratuko dugu, eta egonkortzen goazen heinean, beste arlotako boluntario elkarteei irekiko genieki parte hartzeko aukera», zehaztu du zinegotziak. 

Guztira, 26 elkartek jarriko dute postua azokan, eta bertaratzen direnei burutzen dituzten boluntariotza lanen berri azalduko  dizkiete. Horrez gain, elkarteetako kide egiteko aukera ere izango dute.  Azoka malekoian jarriko dute, Galtxagorri elkarte gastronomikoaren parean, 10:30etik 14:00ak bitartean.

Sustatu eta bistaratu
Boluntariotza sustatzeko baliabide eta espazio bat izateko asmoz sortu zen Gizalde. 2006an, Sareginez izeneko boluntzariotzako entitateen sarea sortu zuten, boluntariotza sustatu, bistaratu eta elkarteen arteko lankidetza bultzatzeko asmoz. Urteak daramatzate azokak antolatzen herriz herri, eta aurten Zarauzko Udalaren eta Gizaldiren asmoek bat egin dute. «Beraz, Sareginez entitateko hainbat eragile etorriko gara, eta bat egingo dugu Zarauzko elkarteekin bertan egingo den lehen azoka honetan», azaldu zuen Gizaldeko koordinatzailea Miren Gurrutxagak.

Hamar-hamabi karpa jarri dituzte malekoian elkarteek beraien postuak atondu ditzaten. Era berean, animazio ekintzak, tailerrak eta eskulanak egingo dituzte goizean zehar. Hori horrela, herritarrak bertaratzera animatu zituen Gurrutxagak.

Udaberri Jubilatuen Elkarteko presidente Mikel Agirrek ere hartu zuen parte aurkezpen ekitaldian, eta boluntariotzak gizartean eta, batez ere, herrian bertan daukan garrantziaren inguruko gogoetak egin zituen. «Boluntariotzarik gabe, gizarte gris bat imajinatzen dut, elkartasunik gabe eta behar bereziak dituzten pertsonak alboratzen dituena».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide