2. Play-Eruak txapelketaren inguruko eskertza gutuna

Aritz Mutiozabal 2022ko apirilaren 28a

Iragan asteburuan DBHko neska -mutilei zuzendutako Play-Eruak Txapelketa jokatu dute lagun giroan eta kirol legez. Orain, Hondartzako Futbol Txapelketako antolakuntzak honako eskertza gutuna helarazi du.

2. PLAY-ERUAK Txapelketa bukatu zenetik egun gutxi batzuk pasatu diren honetan, antolakuntzan aritu garenok gure esker ona adierazi nahi diogu bidean lagun izan ditugun horiei guztiei. Asteburu borobila bizitzeko aukera izan dugu. Eguraldia lagun eta 380tik gora gazteren parte hartzeaz, aurtengoan ere helbururik nagusiena betetzea lortu dugu:

DBHko neska-mutilei, urtean behin bada ere, plaierotan jokatuz gozatzeko aukera eskaintzea. Txapelketa berezia izan da gainera, bi urtetik gora baitzeramaten gazte horiek guztiek hondartzan futbolera jokatu gabe.

Txapelketa hau posible egin duten horien zerrenda luzea bada ere, ezin ditugu aipatu gabe utzi, lehenik, txapelketako parte hartzaile guztiak, jarrera bikaina izan baitute asteburu osoan zehar. Txapelketaren babesle izan diren herriko taberna zein surf eskolak, Ikastetxeetako kirol koordinatzaileak, Udala eta Kirol Elkartea, kartel egilea, Ondartza Elkartea, SKAPA eta Zelai-Ondoko komisioa, Arraio irratiko lagunak noski, eta azkenik, eta bereziki, epaile zein bestelako lanetan aritu diren boluntario guztiak, lan isil baina ezinbestekoan.

Txapelketa-eredu berri bat martxan jarri genuen duela bi urte, eta egonkortze bidean doala sinistu nahi dugu. Posible dela ikusi dugu, eta aurrerantzean ere posible izan dadin lanean jarraituko dugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide