Aurten, lehenengoz, Balearen Eguneko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Orioko Udalak, eta dagoeneko jakinarazi ditu irabazleak zeintzuk diren: helduetan, Usoa Zulaika zarauztarra; eta gaztetxoetan, Naroa Azkue oriotarra.
Helduen taldeko irabazlearena izango da aurtengo Balearen Eguneko kartela eta, horrez gain, 300 euroko diru saria jasoko du. Epaimahaiak "proposamen borobila" dela azpimarratu du, eta "litografia moduko itsasoaren edertasuna eta ospakizunaren erreferentziazko elementuak modu sinple bezain eraginkorrean" txertatu izana baloratu du.