Gizartearen zahartzea

Anuska Esnal: "Bizi kalitate ona duen herria da Orio, eta hona etortzen direnak gustura bizi dira"

Anartz Izagirre 2022ko api. 26a, 18:00

XIX. mendetik nabarmena izan da Oriok izan duen bilakaera demografikoa, eta azken urteotan ere etenik gabe hazten jarraitu du. Anuska Esnal (Orio, 1980) Orioko alkatean arabera, "erronka handia" da herrian jende asko bizitzea, baina aniztasunaren ikuspegitik, begi onez ikusten du hori.

Orioko biztanleria igotzen joan da azken urteetan. Zer balorazio egiten duzue azken urteetako igoeraz?
Baditu bere alde onak, batez ere herrira pertsona berriak etortzeak aniztasuna dakarrelako berarekin, eta hori aberatsa da, zentzu guztietan. Aldi berean, erronka ere bada nortasunaren eta transmisioaren ikuspuntutik. Gainera, herriko baliabideak sendotzeko beharra sortzen du horrek.

Azken hamar urteetan ia mila biztanle irabazi ditu Oriok; egun, 6.096 biztanle ditu. Langa hori igarotzen duzuen lehen aldia da, ezta?
Bizi kalitate ona duen herria da Orio, eta hona etortzen diren herritarrak gustura bizi dira. Hori beti da poztekoa, baina baita erronka ere, herria txikia delako eta biztanleria nabarmen hazteak inbertsio ekonomiko handiagoak egitea eskatzen duelako.

Orio Donostiaren ondoan egoteak biztanleriaren gorakadan eragina izan duela iruditzen al zaizue?
Donostiaz gain, Zarautz ere ondoan daukagu, eta Orioko etxebizitzen prezioak merkeagoak dira herri horietakoekin alderatuta. Gainera, Orio bi herri horiekin oso ondo dago komunikatuta, eta horrek jende asko erakarri du. Azken hamarkadan etxe asko eraiki dira herrian, pixkanaka bada ere, etenik gabe, eta gure iritziz, ez da oso modu eredugarrian egin. Izan ere, eraikitako etxeetan eta egindako auzoetan ez dago ia gune komertzialik, eta eraikinen beheko lokalak ere etxebizitzetara bideratu dira; horrek lotarako eremuak sortu ditu. Bestalde, azken hamarkadan hondartzaren guneak jasan du aldaketa handiena, asko zabaldu baita, eta herritarrontzat galera handia izan da hori, hondartza bera eta kanpina altxorra baitziren guretzat. Horregatik, batzuoi asko kostatu zaigu zati hori herriaren parte dela sentitzea. Hondartza natural eta basatia genuen, eta 90eko hamarkadaren amaieran hura eraistea eta porlanean oinarritutako malekoia egitea erabaki zuten, oso bestelako ereduei jarraituz. Dolu bat izan da gutako askorentzat, lehengo hondartzarekin amesten genuelako.

Etxebizitzaren prezioa oso altua den bi herriren artean dago Orio. Herrian antzeman al duzue halako aldaketarik?
Bai. Aldamenean ditugunak oso herri turistikoak dira, eta horrek kanpotarrei begira sortutako herriak eraikitzera eraman ohi gaitu. Eskaria altua denean, prezioa ere asko igotzen da, eta etxebizitza erostea ezinezkoa izaten da. Aldi berean, jendeak alokairuko etxeak turismora bideratzen dituenez, herritarrok ez dugu alokatzeko aukerarik, eta dauden etxeak, ez daude eskuragarri. Gaiak asko kezkatzen gaitu, egoera zaurgarrienean daudenei eragiten baitie horrek.

Zein da hori kontrolatzeko jarraitu beharreko bidea?
Tamalez, ez dago gure esku. Merkatu neoliberalean udalak ezer gutxi egin dezake hori aldatzeko. Ahal dugun neurrian, etxebizitza publikoak eta herritarrei zuzendutako alokairua sustatzeko politikak bultzatu nahi ditugu, eta horretara bideratuta dago gure plan estrategikoa.

Biztanleriaren zahartzea da azken urteetako erronka nagusienetako bat. Zer egingo du Orioko Udalak horri aurre egiteko?
Herriarentzat erronka handia planteatzen duen beste gai bat da hori. Egun, oriotarren %17 inguruk 65 urtetik gora dituzte, eta horrez gain, bizi itxaropena asko luzatu da. Horren aurrean, baliabideak eskaintzen ditugu herritarrek zahartze aktiboa eta osasuntsua izan dezaten, eta gainera, zaintzaile lanetan ari direnei baldintza egokiak bermatu nahi dizkiegu, zaintza profesionalizatua sustatuz. Erronka nagusia, hori guztia komunitatean naturaltasunez txertatzea da, herrian bizi direnen ongizatea bermatzeko baliabideak eskura jartzea baitugu helburu.

Jaiotza tasari dagokionez, kezka eragiten al dizue Orioko datuak?
Nabarmen jaitsi da jaiotza tasa Orion. 2021ean 40 ume jaio ziren, eta 2018tik beheranzko joera nagusitu da. Oriokoa ez da, ordea, kasu bakarra, gizartean orokortuta dagoen joera baita hori. Pozten nau familia plangintza eta ama izatea egun aukera direla pentsatzeak, baina gehiago kezkatzen nau guraso izan nahi eta ezin dutenen egoerak. Lan baldintzei eta soldatei lotutako erabakia izaten da askotan, eta etxebizitza eskuratzea eta kontziliazioa amets bilakatzen dira. Horregatik, guraso izateko aukera guztiz baztertu behar izaten dute askok. Eta guraso izateko zailtasun biologikoak dituztenentzako alternatibak ere ez daude poltsiko guztien eskura.

Euskararen erabileran ere eragina izan ohi du beste herrietako nahiz herrialdeetako jendearen etorrerak. Nola ikusten duzue egoera?
Bai, eta ikusi dugu euskararen erabilerak ere beheranzko joera hartu duela herritarren artean. Buru-belarri ari gara kezka horretatik sortu den argitaratzear dugun Euskararen Plan Estrategikoa prestatzen. 

Eta etorkinen kopuruaren aldetik, zein da Orioko erradiografia?
Ditugun datuen arabera, momentu honetan herritarren %18 dira etorkinak; herritarren %8 Espainiako Estatutik etorri dira Oriora, eta %10 munduko beste hainbat herrialdetatik.

Hemendik hamar urtera, Orio zer-nolako herria izatea nahiko zenukete?
Herritarrak ondo eta aske bizi diren herria izatea nahiko genuke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide