Hondartzako Futbol Txapelketako antolatzaileek dena prest dute asteburu honetan II. Play-Eruak lehiaketari ekiteko –12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzako lehiaketa da–. Oraingoz 26 taldek eman dute izena, baina izen-ematea larunbatean bertan egingo da, 15:00etan hasita. Txapelketa orduerdi geroago hasiko da, 15:30ean.
Antolatzaileek azpimarratu dute jokalari bakoitzak, izen-emate kuota modura, ondorengo elikagaietako bat eraman beharko duela txapelketara jokatu ahal izateko: olio botila, azukre paketea edo sardina/atun latak. Elikagai horiek Zarauzko elikagai bankuari emango dizkiote, behar larriena dutenen artean banatu ditzaten.
Gainera, herritar guztiei dei egin diete elikagaiak txapelketara eraman ditzaten, ahalik kilo gehien biltzeko.
Txapelketa gunean bi postu egongo direla azaldu dute antolatzaileek. Bat, edarien postua izango da. Izan ere, partiden arteko denbora tarteetan jokalariek txokolate beroa eta freskagarriak hartzeko aukera izango dute, "indarrak berreskuratzeko".
Beste postua Arraio Irratiarena izango da. Txapelketaren jarraipena egingo dute, eta hori elkarrizketekin eta osatu.
Finalak, plaieroen finalekin batera
Play-Eruak txapelketako finalak ez dira asteburu honetan jokatuko, aurrerago baizik. Hain justu, seniorretako plaieroen finalen egun berean izango dira. Eskolarteko plaieroetako finalak ere egun horretan izaten dira.
Hauek dira txapelketako arau nagusiak:
- 7 jokalariz osatutako taldeak izango dira. Nahi adina aldaketa egin ahalko dira. Taldea mistoa izan dadin, genero bakoitzeko gutxienez 3 jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen.
- 10 minutuko bi zati jokatuko dira. Berdinketarekin bukatuz gero, 3 penalti botako dira irabazle bat zehazteko.
- Lehen txandan jokatzen duten taldeek beraien zelaiko porteria eraman eta montatu beharko dute. Azken txandan jokatuko dutenek, berriz, porteriak jaso eta lokalera eraman beharko dituzte.
- Antolakuntzak jarriko du partida jokatzeko erabiliko den baloia.
- Talde bakoitzak bi kamiseta eraman beharko ditu: bat zuria, eta bestea nahi duen kolorekoa.
- Partida bakoitza hasi aurretik jokalari guztiek eskua eman beharko diote elkarri, eta guztiek batera argazki bat aterako dute.
- Zero zabor txapelketa izatea da helburua; beraz, sortzen diren hondakin guztiak jaso eta birziklatu beharko dira.
- Lehiakortasunaz harago, lagunarteko giroa sortu nahi denez, sariak zozkatu egingo dira parte hartzaileen artean: taldeentzako afariak, surf ikastaroak, Txuri-Urdinera sarrerak, etab.
Zalantzaren bat duenak ondorengo helbide elektronikora bidal dezake mezua: antolakuntza@playeruak.eus