Hauek dira Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu eta gaur argitaratu duten dekretuaren xehetasun aipagarrienak:
- Osasun zentroetan, ospitaleetan eta osasun etxeetan, langileek, bisitariek eta pazienteek derrigor erabili behar dute musukoa, baina derrigortasun hori ez zaie aplikatuko ingresatuta dauden gaixoei beren geletan daudenean.
- Zentro soziosanitarioetan (zahar etxeetan, esaterako), langileek eta bisitariek erabili beharko dute maskara, gune konpartituetan daudenean.
- Garraio publikoetan (autobusak, trenak, hegazkinak...) maskara erabili beharko da, baina garraiobideen barruan soilik. Geltokietan edo tren eta metroetako nasetan, esaterako, ez da derrigorrezkoa izango musukoa jantzita izatea.
- Lantokietan, "oro har", ez da derrigorrezkoa izango musukoaren erabilera. Baina arlo horri dagokionez, lantegi bakoitzeko laneko arriskuen babeserako lantaldeen eta arduradunen esku uzten du dekretuak kasu bakoitzari dagokion erabakia.
- Horiez gain, jende pilaketak ematen diren toki itxietan edota barrualde batean denbora luzez egon behar denetan "maskararen erabilera arduratsua gomendatzen" du Espainiako Gobernuaren dekretu berriak, baita familia edo lagunarteko elkartzeetan ere, tartean pertsona zaurgarriak daudenetan.