Bertso-sorta: 'Arrastoa'

Zarauzko Hitza 2022ko apirilaren 19a

Astoak larrean (Argazkia: euskalabereak.eus)

Inaxio Uria Isasti zarauztarrak kopla sorta berria igorri du Zarauzkohitza.eus-era, Kopla handia doinuan abesteko.

-1-
Umea zela saihesten zuen
arrantzaren deiadarra
Beti prest alboan zuelako
bere amaren bularra

-2-
Gero zaletasuna izanik
Etenik gabe arrantza
Jateko garaian sortzen zion
arrainak kriston zalantza

-3-
Ondo pentsatzen jarri ezkero
hau da arraro samarra
Bera kide artean zelako
arrantz egile bakarra

-4-
Bere arrantza nabaria zen
Inguruko auzoetan
Ikusi ta usaindu ez arren
Argiro belarrietan

-5-
Arrantza egin nahi ta lortzen ez
Gogorra da. Ezin uka!!
Horren eraginez egoten zen
Erabat aztoratuta 

-6-
Bere jarreraren zergatiak
Argia du arrastoa
Elikadura oron artean
gustuko zuen lastoa 

-7-
Ingurukoak aipatzen zuten
berak zuen ostikada
Baina futbol munduan zehazki
etzen ezaguna, hara!!

-8-
Dirudienez ibilia zen
noizbait betaurrekoekin
Bururako txapel dotorea
eta gabardinarekin

-9-
Bidaiatzean bera azpian
goian Domingo Kanpaina
Parekatuaz izanagaitik
berdintsuak alajaina!!

-10-
Elorrion ere ibili zen
gaindituz hainbat arazo
Sei kide eta bera azpian
Gainean hamalau atso

-11-
Olentzero gainean zuela
Joan omen zen urrutira
Galdu ondoren errudun  zela
eta belarritik tira

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide