Aste Santuan kale garbiketa zerbitzua indartuko duela jakinarazi du udalak. Iban San Martin Zerbitzu zinegotziaren arabera, beharrezko ikusi dute hori egitea, uda garaian egiten duten moduan. Azaldu du garbiketa berezi hori goizez eta arratsaldez egingo dutela, itsas pasealekuan eta alde zaharrean, eta ohiko zerbitzua ematen dutenean baino langile gehiago jardungo direla, makina gehiagorekin. "Langile kopurua biderkatu egingo da eta, gainera, erabiliko diren makinen kopurua ere areagotu egingo da, besteak beste, lau erratz makina, kamioi zisterna eta baldeatzeko makina txikia erabiliko baitira garbiketa indartzeko".