Apirilaren 18an Monumentu eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, udalak Xabier Eizaguirre zarauztarraren Mollarri film laburra emango du Modelo aretoan. Hain zuzen ere, apirilaren 14tik 19ra, zinema saio guztien aurretik ikusi ahal izango da lana.
Udalak ohar bidez azaldu duenez, dokumentalak XX. mendearen hasierako Zarautzera eramango ditu ikusleak, Malla Arriko zamalekua martxan zegoen garaira. "Eszenatoki errealak 3D bidez eraikitakoekin uztartuz, zamalekuaren egitura guztia berreraikitzen da, mendian ezarritako ikatz deposituetatik, ikatz hori barkuetara sartzeko baliatzen zen Malla Arri irlako zubiraino".
XX. mendearen hasieran Mollarri nolakoa zen erakusteko intentzioarekin egin du dokumentala Eizagirrek, eta efektu bisualak eta bestelako teknikak erabili ditu herritarrek orain artean argazkietan eta planoetan bakarrik ikusi izan dutena benetako balitz bezala ikus dezaten. Haren hitzetan, "Zarautzek denok ezagutu beharko genukeen izugarrizko ondare historikoa dauka eta, dokumental honen bitartez, horren zati bat aurkezten dugu, gaur egun grabatua izango balitz bezala".
Zuzendari lanak Eizagirrek egin ditu; soinuaren diseinuaz eta musikaz Asier Mendoza arduratu da; argazki zuzendari Ritxi Goya aritu da; eta narratzaile, Xabier Euzkitze.