Hilabete baino gutxiago falta da Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketei ekiteko, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak dagoeneko egin ditu modalitate guztietako zozketak. Horrenbestez, erabakita dago herri bakoitzak non eta noren kontra lehiatuz hasiko duen bidea. Zarautzek gomazko paletan bakarrik izango du ordezkaritza, eta etxean jokatuz hasiko du Herriartekoa, maiatzaren 8ko asteburuan. Aurreneko aurkaria ez zaio edonolakoa egokitu: Azkoitia, azken bi txapelen jabea.
Handik astebetera zarauztarrek Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu beharko dituzte lehen kanporaketako itzuliko hiru partidak. Final laurdenetara sailkatuko balira, Soraluze izango lukete aurkari.
Gomazko paleta modalitatean hamabost herrik hartuko dute parte, eta finala ekainaren 19an jokatuko dute.
