Aurrerantzean Zarauzko Udaltzaingoaren xedea, ikuspegia eta balioak zeintzuk izango diren erabaki dute

Aitziber Arzallus 2022ko apirilaren 11

Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Udalbatzaren babesarekin, dagoeneko indarrean da Zarauzko Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea. Udaltzaingoak datozen urteetan jarraitu beharreko gidalerroak zehazten ditu planak. Udalak adierazi duenez, herriko hainbat talderekin elkarlanean finkatu ditu gidalerro horiek.   

Udalbatzaren onespena jasota, abian da Zarauzko Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea. Udaltzaingoak datozen urteetan jarraitu beharko dituen gidalerroak zehazten ditu planak. Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotziaren esanetan, "zarauztarrek gertu sentitu behar dute Udaltzaingoa, herritarren bizikidetza eta segurtasuna bermatuz", eta bide horretan, "Udaltzaingoa eta haren lana gaur egungo eta etorkizuneko gizarteko erronketara era eraginkor batean moldatzen lagunduko digu planak".

Plan Zuzentzailea udalak egin duen lanketa "sakon eta zabal" baten emaitza dela adierazi du zinegotziak. PKF Attest enpresak lagundu dio horretan. Azaldu du aurrena diagnostikoa egin zutela, eta, horretarako, besteak beste, interesgarri jo zituzten herriko hainbat talderengana jo zutela; hala nola, udaltzain agenteak, udaltzain administrariak, sindikatuak, elkarteak, ikastetxeak, suhiltzaileak, Babes Zibila, sorospen zerbitzua, Ertzaintza eta udaleko departamentuak.

Diagnostikoa eginda, Udaltzaingoaren xedea, ikuspegia eta balioak izango direnak definitzeari ekin ziotela azaldu du udalak. "Zarauzko Udaltzaingoaren xedea izango da Zarautzen bizikidetza eta segurtasuna bermatuko duen polizia izatea, herritarren zaintza eta biztanleekiko gertutasuna bilatuz, bizi, lan egin eta bisitatzeko moduko herria izan dadin. Ikuspegiari dagokionez, herritarrek segurtasun edo bizikidetza arazoren bat dutenean erreferentziazkoa, konfiantzazkoa eta gertukoa izango den zerbitzu azkarra eskaintzen duen polizia izango da. Prebentzioa eta iraunkortasuna izango dira haren ardatzak; eta honako hauek izango dira printzipioak: zerbitzurako jarrera, profesionaltasuna eta lankidetza". Balioak, berriz, honakoak: "Etengabeko hobekuntza, lankidetza, prebentzioa, konfiantza eta segurtasuna".

Plan Zuzentzailea egiteko azken fasean, Udaltzaingoaren helburu estrategikoak finkatu dituzte, "eraginkortasunaren, gertutasunaren eta mugikortasun jasangarriaren erronkei aurre egiten lagunduko dutenak". Horren baitan, bat nabarmendu du udalak, "garrantzitsuenetakoa" delakoan: "Zarauzko Udaltzaingoak etorkizuneko Villa Nuria, Arrate eta Iziarko egoitzan izango dituen baliabideak landu dira. Egoitza berriaren lanak 2023. urtean hasiko dira eta bertako lanak amaitu bezain laster lekualdatzea gauzatuko da".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide