"Guretzat sekulakoa da Aialak surfa egin ahal izatea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 10a

Gaur eguerdian surf egokituko txapelketa egin dute Zarautz 4teens lehiaketaren barruan, eta parte hartzaileek gozatua hartu dute olatuekin. Horietako bat izan da Irundik etorri den Aiala Garcia. 10 urte ditu eta garun paralisia, baina ikaragarri gustatzen zaio ura, haren amak esan duenez.

Atzo eta gaur ari dira seigarrenez egiten Zarautz 4teens surf txapelketa Borghetto parean. 14 eta 10 urtez azpiko haur eta gaztetxoentzat antolatzen duten surf lehiaketa da, umeak surfaren mundura gerturatzeko helburuz, baita laguntzarik gabe surf egitea zaila luketengana ere.

Hainbatek eman dute izena surf egokituko lehian parte hartzeko, tartean zarauztarrek; Markelek, Aitorrek, Anjek, Aiertek, Landerrek, Unaxek eta Juanek.

Neskak ere ibili dira uretan, besteak beste Valentziatik (Herrialde Katalanak) etorritako bat eta Aiala Garcia irundarra. Azken horrek 10 urte ditu eta garun paralisia, eta uretatik atera denean, haren amak azaldu du pozarren etortzen dela Shelter surf eskolakoen laguntzarekin surf egitera. "Aurreneko aldiz Donostian egin zuen kind surf, 5-6 urterekin. Pandemia eta gero, lehiaketa honetara etortzen hasi ginen, eta oso gustura etortzen da. Bidea buruz daki eta Orio parean jada hasten da hona seinalatuz. Ikaragarri gustatzen zaizkio ura eta sentsazio potenteak".

Aurreneko aldian kezka sentitu zutela aitortu du amak, baina behin ikusi zutenean zeinen ondo pasatzen duen, ez zutela zalantzarik egin. "Zeharo gomendagarria da. Gainera, Shelterrekoak zoragarriak dira. Super goxoak dira eta sekulako pazientzia dute". Gaurkoan, Aritz Aranburuk berak lagundu dio umeari. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide