"Kotoizko barruko arropa erosiko dugu orain Ukrainako fronteko lehen lerroan daudenei bidaltzeko"

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 10a

Ukraina bidaltzeko jaso duten materialaren zati bat (Argazkiak: Hotz Zarautz)

Ukrainara orain egun gutxi iritsi da Hotz Zarautz errefuxiatuen aldeko elkarteak udalaren eta herritarren laguntzarekin materialez kargatutako kamioia. Janariaz gain, bidali duten materialaren artean daude 29 generadore elektriko eta 56 luzagarri elektriko. "Ucrania-Euskadi elkarteak eskatuta erabili ditugu 10.000 euro generadoreak eta erosten, eta orain, 2.000 euro erabiliko ditugu barruko arropak erosten".

Ukrainara iritsi da 25 paletekin betetako kamioia. Zehazki, Ivano-Frankivsk herrira. Handik banatuko dute material guztia behar gehien duten zonaldeetara. Bidaietan otorduak egiteko moduko jana, mantak, lotarako zakuak eta halakoak bidali dituzte, Ucrania-Euskadi elkarteak hala aholkatuta. Material guztiaren artean, azpimarratzekoa da 29 generadore elektriko eta 56 luzagarri elektriko ere eraman izana, horiek ere elkarteak eskatuta. "Udalak Hotz Zarautzi emandako 5.000 euro erabili ditugu horretan, baita zarauztarrek egindako diru ekarpena ere. Guztira, 10.000 euro gastatu ditugu", azaldu du Hotz Zarautz elkarteko ordezkari batek.

Baina ez da geldirik egoteko momentua, eta hurrengo erosketa barruko arropa izango da. "Ehuneko ehunean kotoizkoa den barruko arropa eskatu digute, gerran lehen lerroan dabiltzanentzat. Izan ere, erredurak badituzte, kotoia ez zaie azalera itsatsiko beste material sintetikoak bezainbeste". 2.000 euro erabiliko dituzte horretan. "Bankuan justuko dirua izaten dugu; daukaguna erabili egiten dugu momentuko beharren araberako gauzak erosteko".

Elkarlana oinarri

Lan asko egin dute martxoan zehar, elkarlanean. Aurrena, udalak Gaztelekua utzi zien material bilketa egiteko. Martxoaren 11tik 19ra jaso zituzten herritarrek emandako gauzak. Martxoaren 30ean kargatu zuten kamioia Alejandro Zarauzko bizilagun ukrainarren bitartez. Zumaitik eta Getariatik ere ekarri zuten materiala, eta Hernanin sartu zituzten azken paletak, Ucrania-Euskadi elkarteak bildutakoak.

Kamioia Poloniara joan zen, eta han beste kamioi batean sartu zuten guztia, Ukrainara jarraitzeko.

Bitartean, jaso bai baina kamioian eraman ez duten materiala banatu egin dute. "Jendeak egin gabeko janaria ere ekarri zigun, garbantzuak, lentejak eta halakoak, eta horiek Caritasi eman dizkiogu. Izan ere, herrira etortzen diren errefuxiatuek Caritasen laguntza jasoko dute behar baldin badute behintzat".

Hotz Zarautzek baditu proiektu gehiago esku artean Ukrainari lotuta, baina horien berri aurrerago emango dutela adierazi du elkarteko kideak.

Bien bitartean, ordea, azpimarratu nahi izan dute zaruztarren erantzuna "bikaina" izan dela "beste behin", eta oso ondo joan dela material bilketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide