Hitzordu berezia dute bihar Eulen-Nuuk taldeko txirrindulariek, Zarauztik igaroko delako 51. Valenciaga Memoriala proba. Espainiako Koparako puntuagarria da, eta Eibarren hasi eta amaituko da. 09:30ean aterako dira txirrindulariak handik, eta Zarautzen 10:30ean eta 11:15ean izango dira, gutxi gorabehera.
Hala jakinarazi du Jira-bira klubak. Lasterketa zuzenean beraien webgunean ikusteko aukera egongo dela ere azaldu du, jirabiraclub.com atarian, hain zuzen ere.
153,5 kilometroko lasterketa burutu beharko dute partaideek helmugara iristerako. Eibarko Untzaga plazatik abiatu, eta Getariatik barrena iritsiko dira Zarautzera. Herrigunean egongo da, hain zuzen, tarteko helmugetako bat, lasterketako 45. kilometroan. 10:30-10:40 artean iritsiko dira txirrindulariak puntu horretara.
Herrigunetik Oriora jarraituko dute, eta Aiaraino iritsiko dira, berriz Zarauztik pasatzeko gero, 11:15-11:20 aldera. Getariarantz jarraituko du probak.
Eulen-Nuuk, bi baja garrantzitsurekin
Zarauzko klubak azaldu duenez, "bi baja garrantzitsu" izango ditu Eulen-Nuukek biharko lasterketan, min hartuta daudelako Aransolo eta Urra. Gainera, "lan handia eskatzen duen proba da; Arrateko Santutegian du amaiera".
Taldea honako txirrindulariek osatuko dute biharkoan: Guridik, Flaviok, Eizagirrek, Asier Azkaratek, Garciak, Esparzak eta Zeak.