Udaberri elkarteak bi irteera prestatu ditu maiatzerako

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 10a

Hotel Baztanen bazkalduko dute Elizondora egingo duten txangoan (Argazkia: Hotel Baztan).

Astelehenean zabalduko dute izena emateko epea. Maiatzaren 6an Eibarrera eta Arratera (Gipuzkoa) egingo dute txangoa, eta maiatzaren 19an, berriz, Elizondora (Nafarroa). Ekainerako proposamena ere prest dute.

Udaberri jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak hainbat irteera antolatu ditu maiatzerako. Egun batekoak izango dira horiek. Batetik, maiatzaren 6an, ostirala, Eibarrera eta Arratera joango dira. Maiatzaren 19an, berriz, Nafarroara egingo dute txangoa, Baztanera. 

Maiatzaren 6ko ibilaldian, Armen Museoa bisitatuko dute Eibarren, eta San Andres Elizako erretaula "bikaina" ere ikusiko dute. Ondoren Arratera igoko dira, eta han bazkalduko dute, Tiro Pichon jatetxean. Bazkalostean, berriz, Arrateko Santutegia eta Zuloagaren pinturak bisitatu ahal izango dituzte.

Autobusez egingo dute joan-etorria, eta izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko bi bide jarri dituzte, beti bezala: Udaberriko bulegora bertaratu daiteke apirilaren 11n, 12an, 13an, 25ean, 26an eta 27an, 10:00etatik 12:00etara, edo mezu elektronikoa bidali udaberrizarautz@gmail.com helbidera.

Maiatzaren 19an, osteguna, Nafarroara egingo dute txangoa, Baztan aldera. Aurrena Elizondora joango dira, han Elizondo Hotelean hamaiketakoa egiteko. Handik Amaiurrera joko dute, eta ondoren, Dolores Redondo idazlearen Baztango Trilogia liburuan aipatzen diren tokietako batzuk ezagutuko dituzte. Bazkaria Baztan Hotelean egingo dute, eta bazkalostean, bingoa eta dantzaldia egongo dira.

Izena emateko edo informazio gehiago nahi izanez gero, aurrez aipatutako bi bideak daude. Udaberriko bulegora bertaratzeaz, apirilaren 11n, 12an eta 13an dago aukera, baita apirilaren 25etik maiatzaren 11ra arte ere.

Ekainean, Trapagaran eta Portugalete aldean

Ekainerako ere hitzordua prestatuta du Udaberrik. Data eta xehetasun guztiak maiatzaren erdialdetik aurrera emango dituzte, baina aurreratu dutenez, Bizkaia aldera egingo dute egunpasa.

Batetik, Trapagaran bailaran dagoen La Arboleda herriko "meatzalde ikusgarria" ezagutuko dute, eta han inguruan bazkaldu ondoren, Portugalete eta Getxo artean dagoen Bizkaia Zubia bisitatuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide